Ibai Angulo nagusi, Uharte Arakil-Beriain kilometro bertikalean

Ihintza Elustondo 2022ko ira. 18a, 14:45

Ibai Angulo, junior mailako podiumean.

17 urte ditu Angulok, eta junior mailan jantzi du txapela. 47 minutu eta hamalau segundo behar izan ditu bost kilometroko distantzia eta mila metroko desnibel positiboa dituen ibilbidea osatzeko.

Uharte Arakil-Beriain kilometro bertikalaren hamahirugarren edizioa jokatu dute gaur, eta Ibai Angulo azpeitiarra gailendu da proba horretan, junior mailan. Nafarroan jokatu dute lasterketa; Uharte-Arakil (471 m) herrian hasi da eta Beriain mendiko gailurrean (1494 m) amaitu da. Bitarte horretan, bost kilometroko distantzia eta mila metroko desnibel positiboa dituen ibilbidea osatu behar izan dute partaideek.

Angulok 17 urte ditu, eta azaroan 18 egingo ditu. Hori horrela, junior mailan lehiatu da, eta 47 minutu eta hamalau segundo behar izan ditu proba amaitzeko. Sailkapen orokorrean hamazazpigarren gelditu da, eta lehen postua eskuratu du junior mailan. Iaz ere parte hartu zuen Angulok Uharte Arakil-Beriain kilometro bertikalean, eta orduko hartan bigarren postua eskuratu zuen junior kategorian. Aurten, beraz, "gustura" dago iazko lorpena hobetu duelako.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide