Asteburuan hasiko da zinema denboraldia Soreasu antzokian

Julene Frantzesena 2022ko ira. 20a, 08:29

'42 segundos' filmaren irudi bat.

Igandean, 16:30ean hasita, Supermaskoten liga filma emango dute. Igandean eta astelehenean, 19:30ean eta 21:00etan hurrenez hurren, 42 segundos ikusi ahal izango da. Emanaldietarako sarrerak salgai daude, eta Kultur Bonoa ere baliatu ahal izango dute herritarrek.

Udako etenaldiaren ostean, Kulturaz kooperatibak asteburuan ekingo dio zinema denboraldi berriari. Igandean eta astelehenean bi film ikusteko aukera izango da Soreasu antzokian. Hain zuzen ere, igandean, 16:30ean hasita, haurrei zuzendutako Supermaskoten liga emango dute. Egun horretan bertan, 19:30ean, 42 segundos ikusi ahal izango da, baita astelehenean 21:00etan ere. Emanaldi horietarako sarrerak Kulturazen webgunean eskura daitezke, eta Kutur Bonoa ere baliatu ahal izango dute herritarrek.

Supermaskoten liga AEBetan ekoiztutako animaziozko filma da. Honako hau da sinopsia: "Krypto supertxakurra eta Superman lagun banaezinak dira. Superbotere berberak dituzte eta elkarrekin borrokatzen dute krimenaren aurka Metropolisen. Superman eta Justiziaren Ligako gainerako kideak bahitzen dituztenean, Kryptok kaleko koadrila heterogeneo batekin topo egin (Ace Bati-untxaria, CV txerri vietnamita, Merton Dordoka eta Chip Urtxintxa) eta superheroiak erreskatatzen laguntzeko konbentzitzen ditu. Horretarako, beren barruan deskubritu berri dituzten botereak erabiltzen ikasi beharko dute".

42 segundos, berriz, Espainian egindako drama generoko filma da. Honako hau da sinopsia: "Bartzelonako 1992ko olinpiadetatik hilabete gutxira, waterpoloko Espainiako selekzioa ez dago prestatuta eta efektu kolpe bat behar du ez badu barregarri geratu nahi bere etxean jokatzean. Pizgarri hori entrenatzaile berri baten eskutik iritsiko da, gogor ospea duena eta lanerako teknika eztabaidagarriak dituena. Hori gutxi balitz, selekzioko bi liderrek ez dute kirol hori ulertzeko modu bera izango: Manel Estiartek eta Pedro Garcia Aguadok. Baina taldelanari eta herrialde oso baten babesari esker, mundu osoari erakutsiko diote inoiz imajinatu ez duten tokitik haratago irits daitezkeela".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide