Hernaniko Musika Eskolak antolatuta, Hernaniko XXIII. Trikitixa Txapelketa jokatu zuten joan zen igandean, eta Enaitz Alberdi Alkorta 16 urteko trikitilari azpeitiarrak jantzi zuen txapela, Mirari Plazaola Torrontegi bikotekide zuela. Txapela, garaikurra eta 200 euroko diru-saria jaso zituen bakoitzak.
Lehen saria ez ezik, hirugarrena ere eskuratu zuen Alberdik, kasu horretan Araitz Etxaniz Azpiazu trikitilari azkoitiarrarekin pandero-jole lanak eginda. Bigarren saria, berriz, Ianire Segurola Tolosarentzat eta Elaia Diaz Berozentzat izan zen. Aurten, bost bikotek parte hartu dute lehiaketan.