Euskararen erabilera

Orain arteko daturik onena bai, baina...

Mailo Oiarzabal 2022ko ira. 21a, 10:10

Soziolinguistika Klusterreko Belen Uranga eta aurkezpenera joandako herritarrak, atzo Basazabalen. (Mailo Oiarzabal)

Duela urtebete Azpeitiko kaleetan egindako hizkuntzen erabileraren hirugarren neurketaren emaitzak aurkeztu ditu Soziolinguistika Klusterrak. Neurtzaileek entzundako elkarrizketen %86,6 euskaraz izan ziren, 2009an eta bereziki 2016an egindako neurketetan baino gehiago. Azpeitian kaleko erabilera hazi egin dela diote datuek, baina bestelakoa da aurkezpenean elkartu zirenen pertzepzioa.

Azpeitian kalean entzuten diren elkarrizketen %86,6 euskaraz dira. Hori da Soziolinguistika Klusterrak udalaren eskariz egindako hizkuntzen kale erabileraren azken neurketaren emaitza nagusia. Duela urtebete egin zuten neurketa, 2021eko irailaren 20tik urriaren 2ra, zortzi egunetan. Klusterrak Azpeitian egindako hirugarren neurketa izan zen iazkoa, eta euskararen erabileraren datua aurreko bietan baino hobea izan da hirugarren neurketan. 2009an egin zuten lehen neurketa, eta %86,1 izan zen orduan euskararen erabileraren datua; 2016an, berriz, %81,9koa.

Soziolinguistika Klusterraren neurtzaileek bi orduko entzunaldiak egin zituzten aldi bakoitzeko, beti udalarekin adostutako ibilbide bera errepikatuz: plaza, Plaza Txikia, Erdikale, Done Jakue kalea, plaza, Goiko kalea, Bustinzuriko Errebala, Arana kalea, Loiolako Ignazio etorbidea (saihesbidetik Sanjuandegiko biribilgunera), ibai aldetik Urbitarte auzoa, Jose Antonio Agirre plaza, Salbe auzoa, Urbitaterte auzoa, Euskal Herria auzoa (Sanjuandegiko biribilgunetik), Jose Artetxe kalea, Ildefontso Gurrutxaga kalea, Artzubia etorbidea, Foru pasealekua eta plaza. Kalean entzundako elkarrizketak zer hizkuntzatan ziren (euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez edo beste hizkuntzaren batean), solaskideen sexua eta adin tartea, eta entzundako elkarrizketetan tartean haurrik bazen ala ez; horiek dira neurtzaileek jaso zituzten datuak, Klusterraren ohiko metodologia jarraituz. Ia mila elkarrizketa eta 3.100dik gora solaskideren hizketaldiak entzun zituzten iazko neurketan, aurreko bietan baino gehiago, eta neurketaren errore tartea ere txikiagoa da oraingoan (%1,2).

Kontraeran, positiboki

Soziolinguistika Klusterreko Belen Urangak aurkeztu zituen atzo Azpeitiko 2021eko hizkuntzen kale erabileraren neurketaren datuak, Basazabal jauregian, jendaurreko ekitaldi irekian. Azpeitiko Udalak "berariaz" eskatutako neurketa Klusterrak Euskal Herri osoan egindako euskararen kale erabileraren neurketa eta azterketaren barruan kokatzen dela gogoratu zuen Urangak. Azterketa orokor horren emaitzak joan den udaberrian eman zituen Klusterrak, eta horiek laburtzen dituen bideoarekin hasi zuen atzoko saioa Urangak. Hain zuzen ere, Azpeitiko datuak hein handi batean neurketa orokorraren emaitzen kontraeran daude, modu positiboan. Euskal Herrian euskararen kale erabilera aurreko neurketalditik mantendu egin dela, baina arnasgune diren herrietan behera egin duela azaleratu du neurketa orokorrak; euskaldunen zein euskararen erabileraren kopurua %80tik gora duten herriak dira arnasguneak, eta Azpeitia da horietako bat. Euskal Herriko emaitza orokorraren, arnasguneetako joeraren eta inguruko herrietako emaitzen aldean onak dira, beraz, Azpeitian jasotako datuak.

Neurketen unean, Azpeitiko kaleetako solasaldien hamarretik ia bederatzi euskaraz izan ziren. Emakumeen (%86,2) eta gizonen (%86,2) artean ia ez dago alderik hizkuntzaren erabilerari dagokionez, eta horrek ere Euskal Herriko joera orokorretik bereizten ditu Azpeitiko emaitzak; azterketa orokorrean, emakumeek euskara gizonezkoek baino gehiago erabiltzen dutela ageri da. Aurreko neurketarekin alderatuta, euskararen erabilerak adin tarte guztietan gora egin du Azpeitian, baina haurrak (2 eta 14 urte artekoak) eta gazteak (15-24) dira euskaraz gehien hitz egiten zutenak; entzundako haurren %90,6 ari ziren euskaraz, eta gazteen %92. Heldu gazteen (25-44) artean %84,5ekoa da euskararen kaleko erabileraren datua, %80,8koa heldu nagusiena (45-64), eta %84,5ekoa adinekoena (64 urtetik gorakoak). Haurrek eta gazteek beraien adin beretsukoekin daudenean helduagoekin daudenean baino euskara gehiago erabiltzen dutela ere erakutsi dute kale neurketaren datuek, eta helduek haurrak tartean daudenean euskaraz gehiago egiten dutela ere bai; azken hori da joera orokorra Euskal Herri osoko datuetan ere.

Datuek erakusten ez dutenaz

Azterketaren xehetasunak eta emaitzak jasotzen dituen 50 orrialdeko txostenaren eduki esanguratsuenak aletu zituen Urangak; ondoren, hitza hartzeko aukera izan zuten aurkezpenera joandakoek. Batzuei eta besteei entzunda, neurketa berrian euskararen kaleko erabilera aurreko alditik bost puntu igo izana inork ez zuela espero ondoriozta daiteke. Neurketaren balioa inondik inora zalantzan jarri gabe, eta Azpeitiak herri oso euskalduna izaten jarraitzen duela abiapuntuan jarrita, herriko hizkuntza joeran aldaketa zantzuak eta, euskararen erabilerari dagokionez, kezkatzeko arrazoiak egon daitezkeela nabarmendu zuten hitza hartu zuten gehienek. Hezkuntza arloan edota aisialdian haurrekin eta gazteekin lan egiten dutenak zeuden tartean. Umeen eta gazteenen artean bereziki gaztelaniaren erabilera asko hazi dela zioten horiek. Pandemiak eta itxialdiak areagotutako pantailen erabilerak, eta pantaila horien bidez haur eta nerabeek kontsumitzen dituzten sare sozialei eta bestelako edukiei egozten zieten, neurri batean behintzat, sumatzen hasiak diren hizkuntza ordezkapena.

Iazko neurketa ere pandemia garaian egindakoa da, nahiz eta, txostenean jasota dagoenez, "pandemiaren hasieratik kalean ibiltzeko eta harremanak izateko osasun eta lege baldintza irekienak indarrean zeuden epealdian" burutu zuten. Hala ere, "pandemiak denean izan du eragina, ziur aski neurketa hauetan ere bai", zioen atzo Eneritz Albizu udaleko Euskara batzordeburuak. Soziolinguistika Klusterrarena "neurketa serioa" da eta "datu hauek onak" dira, esan zuen Albizuk; baina aurkezpenaren ondoko solasaldian entzun zirenen ildotik, datuoi "tentuz erreparatu behar" zaiela eta "'irabazlearen' mezurik ez" dela zabaldu behar uste du zinegotziak. Euskararen plan estrategikoa osatzeko parte hartze prozesua aurkezterakoan esandakoak berretsi zituen atzo Euskara batzordeburuak. "Badakigu arnasgune indartsu izan arren, gurea ez dela isolatutako irla bat", zioen, besteak bete, euskara hizkuntza gutxitua dela eta euskaldunek "euskararen aldeko hautua egunero egitea beharrezkoa" dela azpimarratuta. Atzo Basazabalen elkartutakoek plazaratutako kezkaren jakitun da udala, "ikastetxeetatik eta beste eragile batzuen ahotik" iritsi zaie kezka hori, eta horren aurrean lanean hasiak direla esan zuen Albizuk. Kale erabileraren neurketarena beste ikerketa batzuekin "osatu" behar dela eta udala, Uemarekin batera, "horretan ari" dela gaineratu zuen.

2021eko hizkuntzen kale erabileraren txosten osoa ez dago oraindik sarean, baina jarriko dutela aurreratu zuen Albizuk.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide