Erniarraitz Bertsozale Elkarteak ikasturte honetan ere bertso eskolak eskainiko ditu Azpeitian, Azkoitian eta Zestoan. Eskolak urrian hasiko dira, eta dagoeneko zabalik dago horietan izena emateko epea. Erniarraitzeko kideek astean ordubeteko saioak eskainiko dituzte, eta azaldu dutenez, edozein adinetako bertsozaleentzat dituzte ateak zabalik: "Izan ume, gazte zein heldu; inoiz ez da berandu hizkuntzarekin jolas egin eta bertsoarekin gozatzeko".
Bertso eskolan izena ematen duten pertsonen adinaren eta helburuen arabera antolatuko dituzte taldeak, eta saioen eguna nahiz ordua ere taldekideen arabera jarriko dituzte. Kuotari dagokionez, bertso eskolan izena ematen dutenek hilean 20 euro ordaindu beharko dituzte. Izen-ematea egin edo informazio zehatzagoa nahi dutenek mezu bat bidali beharko dute erniarraitz@gmail.com helbidera.