Piaspe proiektu eolikoa

Statkraft eta gu

Imanol Mujika Landa 2022ko ira. 21a, 16:16

Azpeitia, Zestoa eta Errezil artean eraiki nahi duten parke eolikoaren harira, honako gutun hau bidali du Imanol Mujika Landak.

Hautsak harro dabiltza Piaspen, edo hango hiriburuan behinik behin. Errezilen eta Zestoan ez dakigu oraindik zertan den kontua erabat. Baina barkatu, trufaka hasteko kontu serioegia dela onartu beharko dugu eta.

Egungo ingurugiro testuinguruan (klima larrialdia, batez ere) eta trantsizio energetiko delakoan hemen ezarri nahi diguten moduko zentral eolikoek (ez dira parkeak, bertan jostatzeko palatzarrei noriaren bat eransten ez dioten bitartean) jokatu behar duten paperaren gainean hainbat ikerketak eta zientzialarik plazaratzen dituzten zalantza eta kontrako arrazoiak xehatzen hasi gabe (ikus horiek, adibidez, hemen), urrutitik, eta ez dago hobeto esaterik, ikusten da proiektuaren bidegabekeria:

Gipuzkoa erdian, landa eremuan, Hernio azpian, Aizarnatik, Erdoiztatik, Santaengrazitik bost-hamar minutura, jendea, fauna, landaredia, lurzorua, ikuspegia, modu horretan kaltetzen duten 200 metroko (edo 167ko, berdin zait) dorretzarrak Sañutik Etumetara bitartean, eta eskatzen dituzten albo azpiegiturak... Eta Oletan, Karakaten, Trekutzen... Baño kaskau eiñ al gea?

Galdetu Odrian, Errezilen, Urraki aldean, Beizaman, Aizarnan... baserrietan, eta jendeari, noski.

Eta behin galdetzen hasita, galde geniezaioke, halaber, Statkrafti, ea zenbat halako proiektu gelditu dizkioten, beren herrialdeko samiak eta Laoisko (Irlanda) saguzarrak izorratzeagatik, besteak beste:

https://ejatlas.org/conflict/fosen-vind-project-norway

https://www.wind-watch.org/news/2021/05/05/bats-takes-the-wind-out-of-plans-to-develop- windfarm-in-laois/

Bai, proiektuok gelditu edo atzera bota daitezke, eta toki askotan egin da, arrazoi ezberdinengatik. Epaitegietan zein baimenak tramitatzen dituzten erakundeetan (udalak gehienbat). Hemen halakorik egin ahal ez izateak ere, ez luke gure auzitegien independentziarik eza eta gure gobernu moduen autoritarismoa baizik baieztatuko. Baina, noski, gu ez gara, ez sami, ez saguzar. Gizajoak galantak, izatekotan ere. Eta gure kudeatzaileak lasai, jendeak hau eskatu izan balu bezala.

Sobera arrazoi daude proiektu honi aurka egin eta atzera botarazteko. Begien bistakoak dira kokatu nahi den inguruaren neurria eta baldintzak, edozein direla irizpideak ere, guztiz gainditzen dituela, eta lehengoratu ezinak liratekeen kalteak ekarriko lituzkeela lurraldean eta pertsonen bizitzetan. Aurrera eramaten bada, indarrez egingo delako izango da; inposatuta, beste leku gehienetan bezala.

Baina kontuz, hementxe baitauzkagu horrelako asmoek berekin izaten dituzten ezinbesteko elementuak: kapitalismo postmoderno berdearen ordezkari gorenak, horiek liluratuta dauzkaten eta bidegabekeria hori zuritzera jarri diren agintari esanekoak (haiekiko), eta horretan laguntzen ari diren hedabide indartsuak. Jendearen zain gelditu beharko dugu.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide