Azaroaren 18tik abenduaren 2ra egingo da aurten Euskaraldia, eta euskal hiztunen eta euskara ulertzen dutenen artean hizkuntzaren erabilera areagotzeko ariketaren hirugarren edizioak izango du oihartzuna Azpeitian, indibidualki zein kolektiboki.
Aurreko bietan bezala, 16 urtetik gorako norbanakoek ahobizi edo belarriprest rola aukeratuta izango dute izena emateko eta Euskaraldian parte hartzeko aukera. Entitateek ere parte hartu ahal izango dute, eta horientzako izen emate epea martxan da dagoeneko; norbanakoena, berriz, datorren astean irekiko dute.
Azpeitiko Euskaraldiari dagokionez, atzo egin zuten herri batzordea eratzeko lehen bilkura. Naiara Intxausti izango da aurten Euskaraldiaren dinamizatzailea Azpeitian, eta herrian egitasmoa hasi aurretik zein martxan denean egin asmo diren ekintzen zirriborroaren berri eman zien bileran parte hartu zuten herritarrei. Batzordea bera eratzeko jarraituko diren pausoak ere azaldu zituen dinamizatzaileak. Euskaraldiaren aurretik eta Euskaraldiaren barruan egin nahi diren ekintzak finkatzea, antolatzea eta horiek sustatzea izango da batzordearen zeregina, eta horretara animatu nahi dituzte herritarrak, bakoitzak ahal duen neurrian.