Datozen egunetan zabalduko dituzte ludoteketan eta Gaztelekuan izena emateko epeak

Julene Frantzesena 2022ko ira. 24a, 08:37

Ludotekako irudi bat.

Urriaren 3an zabalduko dituzte Iturritxiki eta Txiki Txoko ludotekak, eta urriaren 4an, Gaztelekua. Astelehenetik ostiralera eman ahal izango da ludoteketarako izena, eta asteazkenetik ostiralera, Gaztelekurako.

Udako opor sasoia bukaturik, martxan dira berriro Udal Gazteria Sailaren zerbitzuak. Gaztelekuko hezitzaileak egunotan aritu dira ikastetxeetako geletan nerabeei zerbitzuak aurkezten, eta haurrek ludotekak bertan bertara zerbitzuak ezagutzeko parada izango dute datozen egunetan. Izan ere, urriaren 3an zabalduko dituzte Iturritxiki eta Txiki Txoko ludotekak, eta urriaren 4an, Gaztelekua.

Hori dela eta, astelehenean zabalduko dute ludoteketan izena emateko epea, eta ostiralera arte izango da irekita. Bost egun horietan ludoteketan eman ahal izango da izena, 16:00etatik 19:00etara, eta gainera, ostegunean, 10:00etatik 12:00etara ere izango da horretarako aukera. Haur bakoitza ikasturtean zehar joango den ludotekan inskribatu beharko da, eta urteko kuota ordaindu beharko da. Izena emateko aukera ez ezik, zalantzak argitzeko aukera ere izango da egun eta ordutegi horietan.

Gaztelekuan izena emateko epea, berriz, asteazkenetik ostiralera izango da irekita; 15:00etatik 19:00etara izango da inskribatzeko aukera. Dena den, ostegunean, goizez ere izango da horretarako parada, 09:30etik 13:30era bitartean. Gaztelekuko erabiltzaileek ez dute kuotarik ordaindu beharko, baina ikarturtean zehar Gaztelekuko erabiltzaile izango diren nerabeen gurasoek nahitaez joan beharko dute izena ematera.

Informazio gehiago nahi duenak Iturritxiki ludotekara (943-15 11 79), Txiki Txoko ludotekara (943-15 05 16), Gaztelekura (943-15 71 61) edo Gazte Informazio Bulegora (943-15 71 60) dei dezake.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide