Datorren asteartean beteko dira 47 urte Francoren erregimenak Angel Otaegi nuarbetar eta Juan Paredes Manot Txiki zarauztar etakideak zein FRAPeko Jose Humberto Baena, Jose Luis Sanchez Bravo eta Ramon Garcia Sanz fusilatu zituela. Data hori gerturatu ahala, urtero, Gudari Eguneko oroimen ekitaldiak egiten dituzte Azpeitian, Nuarben nahiz Zarautzen, eta aurten ere hala izango da.
Hain zuzen ere, dagoeneko ikusgai jarri dute fusilamendu haiei buruzko erakusketa plazan. Zehazki, hainbat paneletan azaldu dute gertakari hura eta hildakoen zenbait zertzelada. Azpeitiko ekitaldi nagusia, baina, bihar izango da, 19:30ean hasita, Azoka Plazan. Fusilamenduen urtemuga egunean, berriz, lore eskaintza egingo diote Otaegiri, 19:00etan, Nuarbeko hilerrian.