Angel Otaegiren eta Jon Paredes 'Txiki'-ren izana ekarri dute gogora haien hilketaren 47. urtemugan

Julene Frantzesena 2022ko ira. 25a, 12:01

Bi lagun horien eta FRAPeko beste hiruren fusilamenduaren urtemuga izango da asteartean; hain zuzen ere, 47 urte beteko dira Francoren erregimenak bostak hil zituenetik. Atzo haien oroimen ekitaldia egin zuten hainbat lagunek Azoka Plazan.

Asteartean beteko dira 47 urte Francoren erregimenak Angel Otaegi nuarbetar eta Juan Paredes Manot Txiki zarauztar etakideak zein FRAPeko Jose Humberto Baena, Jose Luis Sanchez Bravo eta Ramon Garcia Sanz fusilatu zituela. Data horren harira, urtero legez, Otaegi eta Txiki oroitzeko ekitaldia egin zuten atzo hainbat lagunek Azoka Plazan.

Bi fusilatuen izana izan zen atzoko protagonista; izan ere, haien bizitzan eta ibilbidean jarri zuten arreta atzoko ekitaldian. Ikus-entzunezkoak eta musika ere izan ziren tartean, eta Txiki eta Otaegi hil aurreko azken uneak ere ekarri zituzten gogora. Ondoren, omenaldi beroa jaso zuten bi lagunen senideek, hala nola Txikiren arrebak eta Otaegiren lehengusuek. Hain zuzen ere, lore sorta bana jaso zuten eta aurreskua dantzatu zieten. Ekitaldiaren bukaeran Aimar Altuna Sortuko kideak hartu zuen hitza.

Asteartean, fusilamenduaren urteurren egunean, lore eskaintza egingo diote Otaegiri, 19:00etan, Nuarbeko hilerrian.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide