'Izurde mutikoa' eta 'La vida padre' filmak emango dituzte igandean eta astelehenean

Julene Frantzesena 2022ko ira. 28a, 08:26

Umeei zuzendutako Izurde mutikoa animaziozko filma igande arratsaldean emango dute, baita La vida padre ere. Astelehenean ere La vida padre ikusi ahal izango da.

Bi film emango dituzte datorren igandean eta astelehenean Soreasu antzokian. Igande arratsaldean, 16:30ean hasita, umeei zuzendutako animaziozko Izurde mutikoa ikusi ahal izango da. 19:30ean, berriz, La vida padre emango dute, eta hurrengo egunean ere film horixe izango da ikusgai: 21:00etan hasiko da La vida padreren asteleheneko saioa.

Izurde mutikoa Mohammad Kheyrandishek zuzendutako lana da, Errusian ekoiztutakoa. Honako hau da lan horren sinopsia: "Izurde batzuek itsasoan galdutako ume bat salbatzen dute, eta familiako beste bat balitz bezala hezten dute. Poz-pozik bizi dira olatuen azpian, harik eta munstro zital batek urpeko mundua bereganatzen duen arte. Umetxoa lehorrera erbesteratzen dute, eta bertan bihotz oneko Murvarid kapitainak hartzen du etxean. Kapitainaren eta bere lagun min eta ia anaia den Elur-bola izurdearen laguntzaz, mutikoak bere benetako jatorriaren misterioa argitzeko bidaia bati ekingo dio. Abentura zirraragarriak ditu bistan!".

La vida padre, berriz, Joaquin Mazonek Espainian eginiko komedia generoko filma da. Hau da lan horren sinposia: "Mikel izeneko chef gazte eta handinahikoak duela hogeita hamar urte desagertu zen aitaren ustekabeko bisita jasoko du. Bere jatetxearen etorkizunarentzat kritikoa den une batean, Mikelek Juan gizon ero eta ustekabekoaz arduratu beharko du, eta sukaldaritzari eta bizitzari buruzko bere ideia guztiak proban jarriko ditu".

 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide