Euskara Plana osatzeko inkesta bete daiteke oraindik

Mailo Oiarzabal 2022ko ira. 27a, 08:40

Udalak etxez etxe banatu zituen eskuorriak. (Azpeitiko Udala)

Paperean zein online bete dezakete herritarrek udalak prestatutako galdetegia. Bestetik, datorren astean hasiko dira prozesu beraren barruan arloz arloko talde dinamika saioak.

Euskararen plan estrategikoa osatzeko parte hartze prozesua martxan du Azpeitiko Udalak, eta horren barruan herritarren iritzia jakiteko Azpeitiko etxe guztietara igorri zuen galdeketa oraindik erantzun daitekeela gogorarazi du erakundeak.

Duela hamabost egun hasi zen udala inkestaren eskuorria etxez etxe banatzen. Galdetegi hori paperean zein online (lotura honetan) erantzun dezakete herritarrek; inkesta eskuorrian betetzen dutenek udaletxean, igerilekuan, liburutegian, Euskara Patronatuan edo epaitegiaren zein anbulatorioaren ondoko udalaren buzoietan utz dezakete.

"Bi minututan betetzen da inkesta eta udalak herritarrak animatu nahi ditu parte hartzera, herritarren zenbat eta parte hartze handiagoa izan orduan eta plan osoagoa eta egokiagoa osatuko delako", diote udal arduradunek.

Talde dinamikak, datorren astetik aurrera

Inkesta ez da herritarrek Euskara Plana osatzeko prozesuan beren alea jartzeko duten aukera bakarra. Arloz arloko ekarpenak ere jasoko ditu udalak, eta talde dinamikan garatuko diren sei lan saio antolatu ditu horretarako.

Saio guztiak Basazabal jauregian izango dira eta ordu eta erdiko iraupena izango dute, 18:30etik 20:00etara. Datorren astean egingo dituzte lehen bi lan saioak, eta hau da egutegi osoa:

  • Urriaren 4a. Hezkuntza eta familia.
  • Urriaren 5a. Aisialdia, kirola eta jaiak.
  • Urriaren 18a. Kultura eta sormena.
  • Urriaren 19a. Bizilagun berriak.
  • Urriaren 25a. Lan mundua, zerbitzu publikoak eta turismoa.
  • Urriaren 26a. Euskalgintza.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide