Ostiralean itxiko da Jabetze Eskoletan izena emateko epea

Mailo Oiarzabal 2022ko ira. 28a, 08:25

Emakume Txokoak Jabetze Eskolak eta gainerako eskaintza iragartzeko darabilen ilustrazioa.

Urritik aurrera sei ikastaro emango dituzte Emakumeen Txokoan: Batukada FeministaEkin argiariTelazko… zer?Hurreratu finantzen munduraHirigintza feminista: espazioa, boterea, gorputza eta erresistentziak; eta Sexy Dance.

Jabetze Eskolen ikasturte berria abiatzear da, eta eskola horien barruan Emakumeen Txokoan datozen hilabeteetan emango dituzten ikastaroetan eta tailerretan izena emateko epea, berriz, amaitzear. Irailaren 19an ireki zuten ikasturte honetako lehen Jabetze Eskoletan emango dituzten ikastaroetan izena emateko epea; eta etzi, ostirala, hilarekin batera amaituko da epe hori.

Hauek dira Jabetze Eskolen eskaintza osatzen duten sei ikastaroak eta tailerrak: Batukada Feminista (Ainara Sarasketak eta Arantza Albizuk emango dute, urritik ekainera); Ekin argiari (elektrikari ikastaroa, Paz Carbajosaren eskutik, urriaren 4tik abenduaren 20ra); Telazko… zer? (Michaela Fortovaren eskutik, urriaren 6an, 13an eta 20an); Hurreratu finantzen mundura (Karmele Umerezek gidatuko du tailerra, urriaren 7tik azaroaren 11ra); Hirigintza feminista: espazioa, boterea, gorputza eta erresistentziak (Eider Aierdirekin, azaroaren 23an eta 24an); eta Sexy Dance (Jaione Albenizek emango du, urriaren 8tik abenduaren 18ra).

Horien gaineko informazio osoa, egutegien eta ordutegien xehetasunak, prezioak zein izena emateko orriak Emakume Txokoaren eskaintza osoa jasotzen duen eskuorrian aurki daitezke.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide