Bizitzari Keinu Bat dinamikaren barruan, udazkenaren gaia lantzeko saioa egingo dute

Ihintza Elustondo 2022ko ira. 29a, 09:00

(Argazkia: Pixabay)

Urriaren 6an egingo dute saioa, Sindikatu Zaharrean, 18:00etatik 20:00etara bitartean. Udazkenari ongietorria emango diote bertan, eta meditazioa, bisualizazioak, inprobisazio dinamikak, dantza, hitza... landuko dituzte.

Bizitzari Keinu Bat Dinamikaren barruan, beste saio bat antolatu dute datorren ostegunerako, urriak 6. Antolatzaileek azaldu dutenez, udazkenaren gaia landuko dute saioan. "Udaberrian, eta udan gehienbat, etengabe egiten eta egiten aritzen gara, eta udazkena gehiago da itxoiteko garaia, gelditzekoa, lasaitasunera itzultzekoa. Horrekin batera, urtean zehar egindako guztiaren emaitzak jasotzen ditugu udazkenean". Horregatik, erein, itxaron eta jaso izena jarri diote saioari.

Sindikatu Zaharrean egingo dute dinamika, 18:00etatik 20:00etara bitartean. Udazkenari ongietorria emango diote bertan, eta meditazioa, bisualizazioak, inprobisazio dinamikak, dantza, hitza... landuko dituzte. "Barrura begirako bi ordu dibertigarri eta gozo igaroko ditugu", adierazi dute sustatzaileek. Saioa doakoa izango da, baina parte hartu nahi dutenek, aurrez izena eman behar dute, lekua bete arte. Interesatuek 635 75 39 85 telefonora (Manex) deitu behar dute.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide