Marihuana plantazio bat atzeman du Guardia Zibilak Azpeitiko pabilioi batean

Nerea Uranga eta Ihintza Elustondo 2022ko ira. 30a, 12:18

Guardia Zibilak goiko irudia zabaldu du operazioari lotuta.

Herriko industrialde bateko pabilioi batean marihuana plantazioa atzeman du Guardia Zibilak. Operazio berean, marihuana hazteko sistema bat aurkitu dute Irungo etxebizitza batean. Momentuz, pertsona bat atxilotu dute, eta beste bi ikerketapean daude.

Guardia Zibilak bi marihuana plantazio atzeman ditu Gipuzkoako bi herritan; horietako bat Azpeitian, eta bestea Irunen. Guardia Zibilaren arabera, guztira, lehortze prozesuan zeuden 400 marihuana landare atzeman dituzte, eta saltzeko eta banatzeko prest zauden lau kilo kukulu baino gehiago. Ikertutako pertsonak elkartuta zeudela harrapatu ditu Guardia Zibilak, "Espainiaren eta Frantziaren arteko mugan". Momentuz, pertsona bat atxilotu dute, eta beste bi ikerketapean daude; azken horiek 25 eta 40 urte artean dituzte. Atxilotuak soilik ditu aurrekariak; zehazki, ondarearen aurkako polizia aurrekariak. 

Fitxaz izeneko ikerketaren barruan gauzatu dute operazioa. Azpeitiari dagokionez, herriko industrialde bateko pabilioi batean marihuana plantazioa atzeman dute. Han hainbat marihuana landare aurkitu dituzte, beren hazkuntza etaparen arabera banatuta. Era berean, kukuluen lehorgailuak zituzten, eta landareak banatzeko prest zeuden. Operazio berean, Irungo etxebizitza bat ere miatu zuten, eta bertan, marihuana hazteko "sistema sofistikatua" zuten, haien ekoizpena areagotzeko.

Uztailaren hasieratik irailaren amaierara bitartean egin dute ikerketa. Guardia Zibilak jakinarazi duenez, "Espainiako nazionalitatea" duten hiru pertsona lotu dituzte operazioarekin, eta horiek "Espainian eta Frantzian bizi dira". Droga trafikoa egotzi diete pertsona horiei; zehazki, marihuana landatzea eta legez kanpo saltzea.

Kasua Azpeitiko Epaitegiaren esku utzi du Guardia Zibilak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide