Auzoetan bilerak egingo ditu udalak, 2023ko aurrekontuetarako ekarpenak jasotzeko

Ihintza Elustondo 2022ko urr. 1a, 09:50

(Argazkia: Azpeitiko Udala)

Herritarren iritzia biltzeko, Lasaon, Aratzerrekan, Urrestillan, Elosiagan eta Nuarben egingo dituzte batzarrak, datorren astean hasita. Urriaren erditik aurrera, azpeitiar orok izango du ekarpenak egiteko aukera. 

Azpeitiko Udalak abenduan onartu nahi ditu 2023. urterako aurrekontuak. Hori dela eta, urtero bezala, herritarren parte hartzea sustatzeko bideak jarriko ditu, beren ekarpenak zein iritziak jasotzeko asmoz. Lehen fasean, auzoetako bilerak egingo ditu. "2023ko aurrekontuak osatzerakoan garrantzitsua izango da herritarren beharrak eta nahiak identifikatzea. Izan ere, bizi mailaren, energiaren zein materialen garestitzeak aurrekontuak baldintzatuko dituzte", adierazi du udalak. Erakundearen arabera, "zenbat eta hobeto ezagutu herritarren beharrak, orduan eta aurrekontu egokiagoak" osatuko dituzte.

Datorren astelehenean, urriaren 3an, egingo dute lehen bilera, Lasaoko auzo lokalean. Aratzerrekan egingo dute hurrengo saioa, urriaren 6an, eta Urrestillan urriaren 10ean jarri dute hitzordua, jubilatuen lokalean. Urriaren 13an Elosiagako auzotarrekin bilduko dira udal ordezkariak, Añotan, eta urriaren 17an, Nuarben, Sokatira museoan. Bilera guztiak 19:00etan izango dira.

Lehen fase hori amaitzean, bigarren faseari ekingo diote. Fase horretan, urriaren erditik aurrera, azpeitiar orok izango du ekarpenak egiteko aukera. Horretarako, azken urteotan bezala, herriko hainbat txokotan postontziak jarriko dituzte, eta Internet bidez ekarpenak egiteko ere jarriko dituzte bitartekoak. Horren inguruko informazio zehatzagoa aurrerago emango du udalak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide