Asteburu mikatza Lagun Onaken talde nagusientzat

Ihintza Elustondo 2022ko urr. 3a, 10:07

Emakumeen talde nagusiak etxean jokatutako neurketa bateko unea. (Ihintza Elustondo)

Lagun Onaken gizonezkoen talde nagusiak 1 eta 0 galdu du asteburuan Urdulizen aurkako neurketa. Emakumezkoen Ohorezko Erregional Mailako taldeak Intxaurdiren aurka neurtu ditu indarrak, eta 2 eta 2 amaitu da partida; hainbat txartel hori eta gorri jaso dituzte Lagun Onakekoek.

Lagun Onaken Espainiako Hirugarren Mailako taldeak etxetik kanpo jokatu du asteburu honetako neurketa, Urdulizen aurka, Bizkaiko herrian. Azpeitikoek larunbat arratsaldean neurtu zituzten indarrak, eta ezin izan zuten garaipena eskuratu. 45. minutuan sartu zuen Urdulizek neurketako gol bakarra. Une honetan, bi punturekin, sailkapenaren hamahirugarren postuan da Lagun Onak. Horrenbestez, denboraldia hasi denetik partidarik irabazi gabe, jaitsiera postuetatik hurbil kokatu da taldea.

Emakumezkoen Ohorezko Erregional Mailako taldeak ere larunbatean jokatu zuen asteburuko neurketa, Intxaurdiren aurka, Donostian. Bosgarren minuturako galtzen hasi zen Azpeitiko taldea, eta 38. minutuan, bigarrena sartu zuen Intxaurdik. Dena den, atsedenaldira iritsi aurretik, 43. minutuan, Maialenek atera bidali zuen baloia, eta hala, 2 eta 1 adierazten zuen markagailuak bigarren zatiari ekin aurretik. 62. minutuan iritsi zen Lagun Onaken bigarrena; kasu horretan, Naira izan zen goleatzailea. Azkenean, berdinketarekin amaitu zen neurketa, baina golez aparte, tirabirak eta txartelak izan ziren eguneko protagonistak. Izan ere, hainbat txartel hori eta gorri atera zizkien epaileak Lagun Onakeko hainbat jokalari eta entrenatzaileri. Gaur- gaurkoz, guztira lau puntu poltsikoratuta, sailkapenaren zortzigarren postuan da Lagun Onak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide