'Black is beltza II: Ainhoa' eta 'Minions: el origen de Gru' filmak emango dituzte asteburuan

Julene Frantzesena 2022ko urr. 5a, 08:00

Fermin Muguruzak aurkeztu berri duen Black is beltza II: Ainhoa ekoizpena ikusi ahal izango da zapatuan (22:00), igandean (19:30) eta astelehenean (21:00); eta igandean, gainera, umeei zuzendutako Minions: el origen de Gru (16:30) ere eskainiko dute.

Asteburuan bi film ikusteko aukera izango da Azpeitian. Hain zuzen ere, Fermin Muguruzak aurkeztu berri duen Black is beltza II: Ainhoa ekoizpena ikusi ahal izango da zapatuan (22:00), igandean (19:30) eta astelehenean (21:00); eta igandean, gainera, umeei zuzendutako Minions: el origen de Gru (16:30) ere eskainiko dute. Emanaldietarako sarrerak Kulturaz kooperatibaren webgunean eros daitezke, eta Kultur Bonoa ere baliatu ahal izango da sarreretarako.

Black is beltza II: Ainhoa Fermin Muguruzak 2020an aurkeztutako lehendabiziko ekoizpenaren jarraipena da; animaziozko lana da, aurten egina. Honako hau da lanaren sinopsia: "Ainhoa mirariz jaio zen La Pazen, Amanda bere ama atentatu parapolizial batean eraila izan ondoren. Kuban hazita, 1988an, 21 urterekin, bidaia bati ekiten dio, Manex aitaren lurraldea ezagutzera, Euskal Herrira abiatuz. Gatazka errepresibo betean, Josune kazetari konprometitua eta haren lagun kuadrila ezagutuko ditu. Josuneren mutilaguna heroina gaindosi baten ondorioz hiltzen denean, Ainhoarekin batera bidaia jarraitzea erabakiko du hark, eta horrela murgiltzen dira Libano, Afganistan eta Marseilla hirietan barrena. Gerra Hotzaren azken urteak dira, eta biak ala biak narkotrafiko sareak trama politikoekin elkartzen diren mundu ilunean barneratuko dira".

Minions: el origen del gru lana, berriz, animaziozko lana da, 2022an Kyle Balda, Brad Ableson eta Jonathan del Valek zuzendutakoa. Honako hau da filmaren sinopsia: "70eko hamarkada da, eta Gru bizitegi auzo batean hazi zen, ile orrazkeren eta kanpai praken boom betean. Los salvajes 6 izeneko bilau supertalde ospetsu baten baldintzarik gabeko fan gisa, haiekin lan egiteko bezain gaiztoa dela erakusteko plan bat asmatu du Gruk. Zorionez, bere jarraitzaile leialen laguntza du, Minionsak, pasatzen diren lekutik pasatzen direla beti prest daude kaosa ereiteko. Kevin, Stuart, Bob, eta Ottok –Minion berri bat– elkarrekin beren potentziala zabalduko dute, Grurekin batera beren lehen gordelekua eraikitzeko, beren lehen armekin esperimentatzeko eta beren lehen misioak egiteko".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide