Euskararen plan estrategikoa osatzeko lehen bilera izango da gaur arratsaldean

Julene Frantzesena 2022ko urr. 4a, 08:25

Euskara Plana osatzeko parte hartze prozesua aurkeztu zuteneko irudia.

Gaurko bilkura hezkuntzari eta familiari lotutakoa izango da, eta biharkoa aisialdiaren, kirolaren eta jaien ingurukoa. Datozen asteetarako beste lau hitzordu ere jarri ditu udalak, arloz arlo. Basazabal jauregian izango dira bilera guztiak, 18:30etik 20:00etara.

Euskararen plan estrategikoa osatzeko parte hartze prozesua martxan du dagoeneko Azpeitiko Udalak, eta herritarren iritzia jakiteko eta ekarpenak jasotzeko bilerekin gaur hasiko da erakundea.

Hain zuzen ere, Euskara Plana osatzeko prozesuaren barruan, arlokako bilkurak egingo dituzte, eta gaur izango da horietan aurrena, hezkuntzari eta familiari lotutakoa. Bigarren hitzordua, berriz, bihar izango da, aisialdia, kirola eta jaiak gai hartuta.

Orotara sei saio egingo dituzte –datozen asteetan izango dira gainerako laurak–, denak Basazabal jauregian, 18:30etik 20:00etara bitartean. Honako hau da saio guztien egutegia:

  • Gaur, urriaren 4a. Hezkuntza eta familia.
  • Bihar, urriaren 5a. Aisialdia, kirola eta jaiak.
  • Urriaren 18a, arteartea. Kultura eta sormena.
  • Urriaren 19a, asteazkena. Bizilagun berriak.
  • Urriaren 25a, asteartea. Lan mundua, zerbitzu publikoak eta turismoa.
  • Urriaren 26a, asteazkena. Euskalgintza.

Bestalde, herritarrek oraindik erantzun dezakete udalak etxez etxe banatu duen inkesta. Inkestaren eskuorria udaletxean, igerilekuan, liburutegian, Euskara Patronatuan edo epaitegiaren zein anbulatorioaren ondoko udalaren buzoietan utz dezakete erantzuten duten herritarrek. Galdetegi hori bera online (lotura honetan) ere erantzun daiteke.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide