Naiara Intxausti: "Euskaraldiak badu zeresana eta zeregina Azpeitian ere"

Mailo Oiarzabal 2022ko urr. 5a, 10:39

Naiara Intxausti. (Mailo Oiarzabal)

Euskaraldiaren hirugarren edizioko Azpeitiko dinamizatzailea da Naiara Intxausti (Azpeitia, 1998). Azaroaren 18tik abenduaren 2ra, hamabost egun izango ditu euskaldunen artean euskararen erabilera areagotzea bilatzen duen ariketa kolektiboaren hirugarren edizioak. 2020koan pandemiarekin galdutako "ikusgarritasuna berreskuratzea" da Euskaraldiaren erronketako bat, Intxaustiren esanetan, baina baita gazteek egitasmoan parte hartzea ere. Haien ekarpenak jasotzea "pila bat eskertuko" lukeela dio, eratu nahian dabiltzan batzordean zein beste edozein bidetatik. Aurten Euskaraldiak Azpeitian zer berezitasun izango duen ere aurreratu du: Hikaldia.

Zergatik erabaki zenuen Azpeitian Euskaraldiaren dinamizatzaile izateko aurkeztea?

Orain arte oso garbi nuen irakaskuntzara bideratu nahi nituela pausoak, garbi-garbi. Probatu nuen, COVID-a zela eta ez zela hilabeteko ordezkapen bat egin nuen, eta egundoko desengainua hartu nuen. Beste lanpostu batzuk probatu behar nituela esan nion neure buruari, eta Azpeitian Euskaraldiaren dinamizatzaile izateko lanpoltsa ireki zutela ikusi nuenean, aurkeztea erabaki nuen; errespetu handiarekin, egia esan, halako ardurarik neure gain inoiz hartu gabea nintzelako. Baina probatzea pentsatu nuen, posturako hartu ninduten, eta hementxe ari naiz.

Zer moduz orain artekoa? Zer lan egin dituzu eta zein da zure egitekoa?

Uneotan Euskaraldiaren herriko batzordea osatu nahian nabil. Deialdi ireki bat egin genuen, eta ikusi nuen ez zela jende asko animatu. Ikastetxeekin lanean nabil, Euskaraldirako esku artean ditugun zenbait egitasmoren bueltan lanean ere bai... Euskaraldia osatu nahian ari naiz, zer eta nola egingo dugun, eta indarrak zertan jarriko ditugun. Baina lehendabiziko asmoa eta helburua, esan bezala, batzordea eratzea da.

Nork parte har dezake batzorde horretan? Zer eginkizun izango lituzkete batzordekideek?

Entitateetako kideek edo ordezkariek –dendetakoak, enpresetakoak...– zein norbanakoek osa dezakete batzordea, eta bakoitzak aukera dezake zer ardura edo konpromiso maila izan nahi duen. Batzuek bileretan parte hartzeko eta Euskaraldia antolatzen laguntzeko konpromisoa har dezakete, talde eragileko kide izan, eta hori litzateke konpromiso maila handiena; antolatzearen ardura niri dagokit, baina herritarren ideiak eta proposamenak jasotzea beti da garrantzitsua. Parte hartzeko beste modu bat da ekintza edo eginkizun jakinetan laguntzea edo parte hartzea, eta hori litzateke lan zehatzetarako taldea. Eta, azkenik, boluntario sarea legoke; txapak banatzeko mahaia jarri behar bada, egun horretan pare bat orduz horretan lagundu dezakeen jendea, esaterako. Hiru konpromiso maila horiek bereizten ditugu.

Nora jo behar du konpromiso horietakoren bat hartzeko prest dagoen jendeak?

Formulario bat prestatu dugu horretarako. Hor azaltzen dira aipatu ditudan hiru konpromiso mailak, eta nahi duenak bat aukeratu eta bertan eman dezake izena.

Gazteei dei berezia egin nahi diezula zenion batzordea eratzeko bilera irekian, gazteek Euskaraldian modu aktiboan parte hartzea. Zergatik?

Aurtengo Euskaraldia gazteengan zentratu nahi da hein handi batean. Gazteek Euskaraldia kontu formal gisa ikusten dutela iruditzen zaigu: parte hartu beharreko zerbait, txapa bat soinean eraman behar da... Nahi dugu gazteei ikusaraztea ez dela horrela. Gure helburua da euskara aurrera eramatea, formalki edo informalki, baina euskara aurrera eramatea. Kontzertuak, antzerkia, pintxo poteoa... Informalki ere zabaldu daiteke euskara, eta Euskaraldian denetariko ekintzak kabitzen dira. Izena eman eta Euskaraldiak dirauen egunetan bederen lehen hitza euskaraz egitea, hori da hartzen duzun konpromisoa. Gazteek beren neurriko ekintzak nahi badituzte, ideiak eta proposamenak egin ditzatela, hori da nahi duguna, eta pila bat eskertuko nuke gazteen ekarpenak jasotzea.

Euskaraldiak hirugarren aldia du aurten. Gazteengana iristeko asmoaz gain, zertan da edizio berria? Zer helburu nagusirekin dator?

Herrian eta kalean presentzia berreskuratzea da aurtengoaren beste helburuetako bat. 2020an egin zen aurreko Euskaraldia, pandemia betean, eta kalean ez zuen ikusgarritasunik izan. Aurten ikusgarritasun hori berreskuratu nahi da, Euskaraldiak kaleak hartzea, baita Azpeitian ere. Izan ere, hemen ia denok hitz egiten dugu euskaraz, baina Euskaraldiak badu zeresana eta zeregina Azpeitian ere. Esaterako, mintzakidearen itxurari erreparatuta hautatzen dugu hizkuntza askotan; ez luke horrela izan behar, baina erdarara jotzen dugu kanpotar itxura duen norbaiti zuzentzerakoan, eta agian ulertzen du euskara, eta horrelakoetan ere euskaraz egitea bada hizkuntza bultzatzeko modu bat.

"Euskaraldia? Nik egunero egiten dut-eta euskaraz". Zer esango zenieke halakoei?

Esango nieke aldaketa txikiak denok egin ditzakegula eta egiteko ditugula, neuk barne. Askotan, norbaitek erdaraz hitz egiten badit, nahiz eta euskaraz ulertzen duela jakin, erdarara jotzen dut neuk ere; beraz, egin dezakedan aldaketa txiki bat da hori. Geure buruari erronka txikiak jartzea da Euskaraldiaren beste helburuetako bat, bakoitzak bere buruari jarritako erronka txikiak zein lorpen txikiak ikusaraztea. Uste dut denok izan ditzakegula hizkuntza ohiturak aldatuz euskara gehiagotan erabiltzeko erronka txikiak; Euskaraldia bukatzen denean, aukeratutako erronka gainditu al dugun edota aldaketa horiekin jarraitu nahi dugun galde diezaiokegu geure buruari.

Euskaraldiaren aurretik zein egitasmoak irauten duen egunetan herria girotzeko hainbat ekintza egiteko asmoa azaldu duzu. Zerbait aurreratzerik bai?

Azpeitian, aurtengo berezitasuna izango da Euskaraldiaren barruan Hikaldia egongo dela. Euskaraldiak aparteko motibaziorik eragiten ez dion hainbat jenderi Hikaldiak motibazio hori eman diezaiokeela iruditzen zaigu. Euskaraldiaren funtsa lehen hitza euskaraz egitea den bezala, Hikaldiarekin nahi dugu hitanoarekin erabilera zabaltzea, gehitzea. Erronka berria izango da herritar askorentzat, bereziki gazte gehientsuenen artean.

Maiatzean ireki zen entitateek Euskaraldian izena emateko epea, eta hil honen amaierara arte eman dezakete horiek izena. Zer-nolako harrera ari da izaten Azpeitian entitateen izen ematea?

Kostatzen ari zaidan gauzetako bat da hori, azalpen asko eman behar izaten ditut. Aurreko edizioetan ere entitateen parte hartzea egon eta sustatu izan den arren, askok ahaztua-edo dute Euskaraldia zer den eta zertarako den. Eta garrantzitsua da entitateek ere, herriko saltokiek, esaterako, Euskaraldian parte hartzea, Euskaraldiaren ikurrak agerian jartzea, guztiek jakin dezaten ikur horiek dituzten tokietan lehen hitza euskaraz egin dezaketela eta euskaraz hartuko dituztela. Izan ere, herritar gehienek jakingo dute beren herrietako zer saltokitan edo negozioetan egin dezaketen euskaraz, baina beti egongo dira salbuespenak.

Norbanakoen izen ematea, berriz, joan den asteazkenean hasi zen. Zergatik da garrantzitsua jendea euskaraldia.eus webgunean sartzea eta izena ematea?

Herritarrok badakigu geure artean, lagunen artean, lanean... zeinek hitz egiten duen euskaraz eta zeinek ez. Baina seguru nago herrian badela euskara ikasten ari den baina euskaraz egiten ausartzen ez den jendea. Horiek belarriprest txapa janzten badute, jakingo dugu haiei euskaraz hitz egin diezaiekegula; horrela, normalean erdaraz egingo geniokeen pertsona horrekin euskara erabiliko genuke. Txaparekin, gainera, esaten ariko zaigu nahi duela guk harekin euskaraz egitea. Erronka eta aldaketa txikiak dira, baina euskaldunen eta euskararen harreman sarea zabaltzen lagundu dezaketenak, eta hori da Euskaraldiaren funtsa.

Zer erronka jarriko dizkiozu zeure buruari Euskaraldian parte hartuko duen norbanako gisa? Eta dinamizatzaile gisa?

Hikaldian ahalik eta gehien murgiltzea izango da norbanako gisa aurten izango dudan erronka nagusia. Hikaldian izena emango dut eta ea lortzen dudan hitanoa erabiltzen hastea, bai lagunekin, bai eremu zabalagoan. Dinamizatzaile naizen partetik, berriz, espero dut aurten gazte askok parte hartzea Euskaraldian. egitasmoak herrian ikusgarritasun handia edukitzea, eta Euskaraldia bera normaltzea, herritarren eta bereziki gazteen artean motibagarri bihurtzea.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide