Txisteratik Egun Magikoa, argazkietan jasota

Ihintza Elustondo 2022ko urr. 3a, 17:18

Txisteratik Egun Magikoaren seigarren edizioa egin dute asteburuan. Jende ugarik parte hartu du ekintzetan, eta giro ederra sortu da herrian magiaren bueltan. 

Ostiralean eta larunbatean magiak hartu zuen Azpeitia. Izan ere, egun horietan egin zuten Kulturaz kooperatibak antolatutako Txisteratik Egun Magikoaren VI. edizioa. Aurtengo egitarauak gertuko magia eta oholtza gaineko magia izan ditu osagai nagusi, baina ohiko gala nagusiak ere ez du hutsik egin. Jende ugarik parte hartu du asteburuko ekintzetan, eta giro ederra sortu da herrian magiaren bueltan.

Mario Lopez magoaren gertuko magia emanaldiak ireki zuen egitaraua ostiralean; Dinamoa sormen gunean eskaini zuen emanaldia hark. Larunbatean, arrakastatsua izan ohi den gertuko magia poteoa izan zen Alde Zaharreko kaleetan; 12:30etik aurrera, askotariko trikimailuak egin zituzten hainbat magok. Arratsaldean, berriz, ikuskizunak izan ziren herritarren gozagarri: 17:00etatik 19:00etara bitartean Julen eta Sergio magoek gertuko nahiz oholtzako magia ikuskizunak eskaini zituzten herriko hainbat txokotan.

Urtero bezala, Soreasu antzokiko galak itxi zuen Txisteratik Egun Magikoaren egitaraua. Larunbatean, 19:00etan hasi zen gala berezia, eta sei magok parte hartu zuten ikuskizunean; hain zuzen ere, Mario Lopez, Txoborro, Tor, Maria Arandia, Iagomago eta Imanol Ituño magoak igo ziren oholtzara.

(Argazkiak: Kulturaz)

Erlazionatuak

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide