Eman daiteke izena Esklabak Zentro Sozialistaren urteurreneko 3x3 txapelketan

Ihintza Elustondo 2022ko urr. 5a, 10:00

Esklabetako eraikina.

Esklabak Zentro Sozialistaren laugarren urteurrena ospatuko dute urriaren 22an: egun horretan, 3x3 eta triple txapelketak, bazkaria eta kontzertuak izango dira. Dagoeneko eman daiteke izena 3x3 txapelketan.

Urola Erdiko Kontseilu Sozialistak jakinarazi duenez, Esklabak Zentro Sozialistaren laugarren urteurrena ospatuko dute urriaren 22an, larunbata. Data hori gerturatzen ari dela eta, talde horrek dagoeneko eman ditu urteurreneko egitarauaren gaineko xehetasun batzuk. Batetik, 3x3 eta triple txapelketak jokatuko dituzte 10:00etatik 13:30era, eta dagoeneko zabaldu dute izen ematea.

Azpeitiko Haginpe tabernan eta Zestoako Portale kultur elkartean eman daiteke 3x3 lehiarako izena, baita Esklabetako atarian eta saskitxapelketa@gmail.com helbidera idatzita ere. Hiru eta bost pertsona arteko taldeak osatu beharko dira, eta izena ematean, taldearen izena eta kontakturako telefonoa zehaztu beharko dituzte. Hogei euro ordaindu beharko da taldeko, eta hori ordaintzean, partaideek bazkaritarako hiru txartel jasoko dituzte opari. Partidak 10:00etan hasiko dira, baina parte hartzaileek 09:30erako bertaratu beharko dute. Triple txapelketa, bestalde, partiden artean izango da, eta hantxe bertan eman beharko da izena. Sari banaketa bazkalostean egingo dute. Azpeititik kanpoko jendeak dutxatzeko aukera izango du; horiek izena ematean jakinarazi beharko dute.

Bestetik, saskibaloi txapelketa amaitzean, bazkaria egingo dute; 14:30ean hasiko da otordua. Ondoren, kontzertuak izango dira; aurrerago zehaztuko dute zein musika talde ariko diren zuzenean. Bazkarirako eta kontzertuetarako sarrerak hamar euro ordaindu beharko dituzte langabetuek, eta hamabost euro landunek.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide