Ostiralean hasiko da Loiolan Organo Erromantikoaren Nazioarteko XXIII. Zikloa

Mailo Oiarzabal 2022ko urr. 5a, 16:48

Bergarako Santa Marina parrokian aurkeztu dute gaur goizean aurtengo zikloa eta han izan dira, besteren artean, Itziar Urbieta organo-jotzailea eta Pili Arrieta Azpeitiko Udaleko Kulturako teknikaria. (Bergarako Udala)

Datozen hiru ostiraletan 20:00etan hasita emango dituzte aurtengo zikloaren barruan basilikan egingo dituzten hiru kontzertuak. David Cassan organista frantziarrak emango du lehendabizikoa etzi, urriaren 7an. Loreto F. Imaz eta Itziar Urbieta azpeitiarra ariko dira urriaren 14ko kontzertuan, eta hilaren 21ean Xabier Urtasun organistak eta Rita Morais sopranoak egingo duten emanaldiarekin osatuko dira aurtengo zikloaren Azpeitiko hitzorduak. Bergaran, berriz, azpeitiarrak protagonista izango dira: Ignacio Arakistain izango da hilaren 22ko kontzertuaren organista, eta Juan Antxieta musika eskolako ikasleak tartean izango dira zikloaren itxierakoan, hilaren 29an.

Urriarekin dator Organo Erromantikoaren Nazioarteko XXIII. Zikloa, eta gaur aurkeztu dituzte zikloaren xehetasunak Bergaran. Aurten ere hiru herritan izango dira organo kontzertuak: Azkoitian, Azpeitian eta Bergaran. Azkoitian eta Azpeitian hiruna kontzertu eta Bergaran lau egingo dituzte, hamar guztira, datozen asteburuetan. Kontzertu guztietan sarrera doan izango da.

Organo erromantikoaren bueltan urtero antolatzen duten nazioarteko zikloak musikari bat eta urteurren bat ekarriko ditu gogora. Cesar Franck konpositore belgikarra jaio zela 200 urte beteko dira abenduan, eta Francken omenezkoa izango da zikloa aurten. Hain zuzen ere, zikloko hamar kontzertuetatik ia denetan izango da Francken sorkuntzak entzuteko aukera.

Organo Erromantikoaren Zikloa Azkoitiko, Azpeitiko eta Bergarako udalek antolatzen dute, Fray Joseph Echevarria elkartearekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin batera. Gaurko aurkezpenean, zikloaren arduradunak "pozik" agertu dira hiru herrietako egitarauarekin, eta "zoriontzekoa" dela uste dute "hainbeste urtez zikloari eta zikloaren mailari eustea".

Zikloaren estreinakoa, basilikan

Datozen hiru ostiraletan 20:00etan hasita emango dituzte aurtengo zikloaren barruan Loiolako basilikan egingo dituzten hiru kontzertuak. David Cassan organista frantziarrak emango du lehendabizikoa etzi, urriaren 7an, eta horixe izango da Organo Erromantikoaren Nazioarteko XXIII. Zikloaren barruko lehen kontzertua.

Organo-jotzaile frantziar gazte ezagunenen artean dago Cassan. Caengo Kontserbatorioan eta Parisko eta Lyongo Kontserbatorio Nazionaletan ikasi zuen, nazioarteko sari bat baino gehiago irabazitakoa da, eta bakarlari lanak egin izan ditu hainbat musika taldetan, Frantzian nahiz beste hainbat herrialdetan.

Azpeitian egingo dituzten beste bi kontzertuei dagokienez, Loreto F. Imaz eta Itziar Urbieta azpeitiarra ariko dira urriaren 14koan, eta hilaren 21ean Xabier Urtasun organistak eta Rita Morais sopranoak egingo duten emanaldiarekin osatuko dira aurtengo zikloaren Loiolako hitzorduak.

Azpeitiarrak Bergaran

Loiolan urriaren 14an joko duen Itziar Urbieta ez da Organo Erromantikoaren Nazioarteko XXIII. Zikloan parte hartuko duen azpeitiar bakarra. Izan ere, Bergarako Santa Marina parrokian zikloaren barruan izango diren lau hitzorduetatik bitan azpeitiarrak tartean izango dira.

Urriaren 22an, Ignacio Arakistain organo-jotzaileak kontzertua eskainiko du han, Peio Irigoien txistulariarekin batera. Hilaren 29an, berriz, Azpeitiko eta Bergarako musika eskoletako organo ikasleen agerraldiarekin amaituko da aurtengo zikloa.

Egitarau osoa

Hau da Organo Erromantikoaren Nazioarteko XXIII. Zikloaren barruan Azpeitian, Azkoitian eta Bergaran izango diren kontzertuen zerrenda:

Azpeitia

Urriak 7, ostirala. 20:00etan, Loiolako basilikan, David Cassan organista.

Urriak 14, ostirala. 20:00etan, Loiolako basilikan, Loreto F. Imaz eta Itziar Urbieta organistak.

Urriak 21, ostirala. 20:00etan, Loiolako basilikan, Xabier Urtasun organista eta Rita Morais sopranoa.

Azkoitia

Urriak 8, zapatua. 20:00etan, Amabirjinaren Jasokundearen parrokian, Lidia Ksiazkiewicz organista.

Urriak 15, zapatua. 20:00etan, Amabirjinaren Jasokundearen parrokian, Rudolf Müller eta Maria Mokhova organistak.

Urriak 22, zapatua. 20:00etan, Ama Birjinaren Jasokundearen parrokian, Ana Belen Garcia organista eta Easo abesbatza.

Bergara

Urriak 8, zapatua. 20:00etan, Santa Marina parrokian, Aitor Olea organista, Bergarako Musika Eskolako haurrak eta Orfeoi Gaztea.

Urriak 15, zapatua. 20:00etan, Santa Marina parrokian, Alize Mendizabal eta Monica Melacova organistak.

Urriak 22, zapatua. 20:00etan, Santa Marina parrokian, Ignacio Arakistain organista eta Peio Irigoien txistularia.

Urriak 29, zapatua. 20:00etan, Santa Marina parrokian, organo ikasleen emanaldia.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide