'Gipuzkoako bira' egitasmoak Azpeitian egingo du geldialdia asteburuan

Julene Frantzesena 2022ko urr. 7a, 12:10

Aldundia gaur ari da plazan karpa muntatzen.

Foru Aldundiak Gipuzkoako bira egitasmoa jarri du martxan, lurraldeko bidegorriak nahiz oinezkoen eta bizikleten mugikortasuna sustatzeko. Egitasmoak bihar eta etzi Azpeitian egingo du geldialdia: herritarrek hainbat ekintza egin ahal izango dituzte plazan jarri duten karpan.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun eta Lurralde Antolaketako Sailak Gipuzkoako bira egitasmoa jarri du martxan, lurraldeko bidegorriak nahiz oinezkoen eta bizikleten mugikortasuna sustatzeko. Asteburuan Azpeitian egingo du geldialdia egitasmoak; izan ere, karpa handi bat jarri dute gaur plazan, eta bihar eta etzi hainbat ekintza egingo dituzte bertan. Hain zuzen, larunbatean 10:30etik 14:00etara eta 15:30etik 19:30era egongo da irekita karpa, eta igandean, 10:30etik 14:00etara.

Zehazki, herritarrek bide berdeei eta bidegorriei buruzko informazioa jaso ahal izango dute herritarrek, eta bizikleten mekanikari buruzko –zapatuan 16:00etatik 18:30era, eta igandean, 11:00etatik 13:30era– tailerrean eta bizikleten materiala birziklatuta eskulanak egiteko –zapatuan, 11:00etatik 13:30era– tailerrean parte hartu ere bai. Horrez gain, askotariko bizikletak probatzeko aukera ere izango da han, hala nola elektrikoak, hirikoak eta egokituak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide