Herritarrei Piaspe proiektu eolikoaren inguruko azalpenak emateko batzarra deitu du biharko, asteartea, Azpeitiko Udalak. Soreasu antzokian izango da bilera, 19:00etan hasita, eta herritarrei hara joateko deia egin die erakundeak. Erakundeak proiektuaz duen ikuspegia azalduko du bilkuran, eta gainera, proiektua gauzatzeko interesa agertu duen Norvegiako Startkraft enpresako kideek ere emango dituzte azalpenak.
Herritarren artean "jakiteko gogoa, eztabaida eta kezka" sortu dela eta, "lasaitasun mezua" helarazi du udalak. Gainera, "gardentasunez" aritzeko duen konpromisoa berretsi eta zentral eolikoaren proiektua aurrelanketa fasean dagoela adierazi du erakundeak.
Batzarra baino ordu erdi lehenagorako, 18:30erako, zentral eolikoekiko desadostasuna adierazteko elkarretaratzea deitu du Sañu Bizirik taldeak. Udaletxe aurrean egingo dute protesta, Mendiak ez industrializatu lelopean.