Azpeitiko Udala herrigunetik kanpoko auzoetan bilerak egiten hasi berri da, abenduan onartu nahi dituen 2023ko aurrekontuetarako herritarren ekarpenak jasotzeko. Landa eremuko auzoetako bizilagunekin urrian egingo ditu bilerak erakundeak, eta dagoeneko bi gauzatu ditu: Aitor Bereziartua zinegotzia Lasaon eta Aratzerrekan izan da aste honetan, herritarren beharrak ezagutzen eta haien ekarpenak zein iritziak jasotzen.
Datorren astean ere egingo dituzte bilerak: astelehenean, urriaren 10ean, Urrestillako auzo lokalean (19:00); eta ostegunean, urriaren 13an, Elosiagako Añota sagardotegian (19:00). Nuarbeko hitzordua, berriz, urriaren 17rako, astelehena, jarri dute, eta Nuarbeko Sokatira museoan egingo dute bilkura, 19:00etan.
Udalak azaldu duenez, aurrekontuak osatzeko bigarren fasean herritar orok izango du ekarpenak egiteko aukera. Azken urteetako gisan, ekarpenak jasotzeko postontziak jarriko dituzte herriko hainbat txokotan, eta on line ekarpenak eta iritziak jasotzeko aukera ere jarriko dute. Dena den, udalak azaldu duenez, aurrerago emango du horri buruzko informazioa.