Organo Erromantikoaren Nazioarteko XXIII. Zikloa abiatu zuten atzo, ostirala, David Cassan organista frantziarraren emanaldiarekin. 20:00etan eman zuen kontzertua hark, Loiolako basilikan. Organo jotzaile frantziar gazte ezagunenen artean dago Cassan. Caengo Kontserbatorioan eta Parisko eta Lyongo Kontserbatorio Nazionaletan ikasi zuen, nazioarteko sari bat baino gehiago irabazitakoa da, eta bakarlari lanak egin izan ditu hainbat musika taldetan, Frantzian nahiz beste hainbat herrialdetan.
Azpeitian egingo dituzten beste bi kontzertuei dagokienez, Loreto F. Imaz eta Itziar Urbieta azpeitiarra ariko dira urriaren 14an, eta hilaren 21ean Xabier Urtasun organistak eta Rita Morais sopranoak egingo duten emanaldiarekin osatuko dira aurtengo zikloaren Loiolako hitzorduak. Bi zuzenekoak 20:00etan izango dira, Loiolako basilikan.