Estibaliz Urresola zinemagileak zuzendutako Cuerdas lanak film laburrik onenaren saria eskuratu du Albaceteko (Espainia) Abycine zinema independentearen jaialdian, eta Xanti Agirrezabala azpeitiarrak badu sari horretan partea; izan ere, bera da aktoreetako bat.
Cuerdas filma Cannesko (Frantzia) zinema jaialdiko 61. Kritikaren Astean aurkezteko hautatu zuten maiatzean, eta Agirrezabalak orduan esan zuen lanak ibilbide oparoa egiteko abiapuntu egokia izan zitekeela hori. Esan eta izan. Harrezkero, Donostiako zinemaldian erakutsi dute lana, eta orain, bere kategoriako lehen saria irabai du Albaceten.
Muskizko (Bizkaia) Petronorren lantegia da kontakizunaren ardatza. Honela azaldu zuen Agirrezabalak lanaren muina, Uztarriari emandako elkarrizketan: "Lantegi horrek herritarrei zer-nolako osasun kalteak eragiten dizkien azaltzen du filmak, eta salatzen du nola den posible legeak halako zerbait onartzea. Aspalditik dago frogatuta enpresa horrek bertako herritarrei nahiz inguruari kalte egiten diela, eta herritarrek borroka egin eta epaiketak irabazi dituzten arren, oraindik ere irekita jarraitzen du oso kaltegarria den lantegiak. Filmak kontatzen duena da diruak eta enpresa handiek nola irabazten duten herritarren aurkako borroka hori".