Julen Lopetegik irabazi du Gijongo triatloia

Ihintza Elustondo 2022ko urr. 8a, 17:43

Julen Lopetegi probaren une batean.

Gijongo triatloia jokatu dute gaur, eta distantzia erdiko modalitatean nagusi izan da azpeitiarra. Era berean, Maialen Azpiazu bigarren sailkatu da emakumezkoetan, distantzia olinpikoan. Olatu handiak zeudelako, bertan behera gelditu da igeritako proba, eta bizikletaz eta lasterka soilik aritu dira partaideak.

Gijongo (Espainia) triatloia jokatu dute gaur, larunbata, eta Julen Lopetegi azpeitiarrak irabazi du proba hori, distantzia erdiko modalitatean. Bizkaiko Alusigma Peñota Dental taldearekin parte hartu du Lopetegik lasterketan. Hiru ordu, hamahiru minutu eta 26 segundo behar izan ditu hark proba amaitzeko. Haren atzetik sailkatu da Daniel Rodriguez (3:15:11), eta hirugarren Diego Martin (3:15:11).

Parte hartzaileek 1.900 metro igerian, 80 kilometro bizikletan eta beste hogei korrika egin behar zituzten gaurko triatloian. Dena den, igeritako proba bertan behera gelditu da, olatu handiak zeudelako, eta beraz,  bizikletaz eta lasterka soilik aritu dira parte hartzaileak. Segurtasuna bermatzeko hartu dute erabaki hori antolatzaileek. Lopetegik azaldu duenz, pena izan da igeritako proba bertan behera lagatzea, baina segurtasuna bermatzea izaten da halakoetan "garrantzitsuena".

Azpeitiarrak bost minutu eta erditik gorako aldea atera die beste kirolariei bizikletako proban, eta bigarren eta hirugarren sailkatuek korrikako proban alde hori txikitzea lortu badute ere, ez dute Lopetegi aurreratu. Azpeitiarra ondo moldatu da bizikletako eta korrikako probetan, eta azkenean, aurrena iritsi da helmugara. Guztira, 500 kirolarik baino gehigok parte hartu dute lasterketan.

Era berean, Azkoitri klubeko Maialen Azpiazu bigarren sailkatu da emakumezkoetan, distantzia olinpikoan. Hark bi ordu, hiru minutu eta 44 segundo behar izan ditu proba amaitzeko. Azpiazuk, guztira, 40 kilometro bizikletaz eta hamar lasterka egin behar izan ditu.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide