Urrezko Aizkolari Txapeldunen Ligaren finala jokatu dute gaur, igandea, Pobesen (Araba), eta Mikel Larrañaga azpeitiarra hirugarren sailkatu da saioan. Iker Vicente nagusitu da, eta hark 24 minutu eta 54 segundo behar izan ditu lanak amaitzeko. Garaileak baino bi minutu eta hamalau segundo gehiago behar izan ditu Larrañagak.
Azpeitiarraz gain, beste hiru aizkolari lehiatu dira finalean; Iker Vicente, Julen Alberdi Txikia IV.a eta Suharri Rodriguez, hain zuzen ere. Txikia IV.a bigarren sailkatu da; Vicentek baino 55 segundo gehiago behar izan ditu hark lanak amaitzeko. Laugarren, berriz, Rodriguez sailkatu da; garaileak baino 11 minutu eta hogei segundo gehiago behar izan ditu hark.
Urrezko Aizkoran aurreko edizioetan gehien nabarmendutako aizkolariak lehiatzen dira Urrezko Aizkolari Txapeldunen Ligan. Aizkorako modalitate ezberdinetan, bost lan egin behar izaten dituzte saioko, eta guztien denboren baturak erabakitzen du sailkapena. Finalean, kanporaketa saioetan baino lan luzeagoa eta zailagoa egin behar izan dute aizkolariek. 45 ontzako enbor bat ahalik eta kolpe gutxienekin moztu ondoren, 45 ontzako beste bat etzanda, kanaerdiko bat zutik eta oinbiko bat etzanda ahalik eta azkarren moztu dituzte, bukaerako lan luzeari ekin aurretik; azken saio horretan, kanaerdiko bi enbor, 60 ontzako beste bi eta oinbiko bat moztu dituzte.