Gure energia iturriak guk eta guretzat erabiltzea da burujabetza energetikoa. Nik nireak, guk komunitatean gureak, herriak bereak, horrela, herritarrak besteari argindar fakturarik ordaindu behar izan ez diezaion.
Sañun –Azpeitia, Zestoa eta Errezilgo muga inguruan– Statkraftek ezarri nahi duen zentral eolikoa ez da herriaren proiektua, ez da gure argindar faktura merkatzeko edo ezabatzeko guk eta guretzat sortu dugun egitasmo bat, justu alderantzizkoa baizik.
Gure herriaren lur eremukoak diren energia iturriak lapurtzera datorren proiektu bat da, ondoren merkatuan guri argindarra beraiek nahi duten prezioan saldu ahal izateko. Herritarroi energiarekiko menpekotasuna edo dependentzia handiagotuko digun egitasmo bat, gure energia iturri baten jabe egingo baitira.
Independentzia hitza lau haizetara zabalduz dabilen alderdi baten laguntzaz egin nahi da, baina gu dependentzian sakonduz. Jokaldiaren diseinua borobila da, ingeniaritza soziala (faxismoa). Multinazional jakin batzuen irabaziak biderkatzeko asmoz, herri soil batek dituen energia iturriak lapurtzeko ekimen bat da. Une oro herritarren interesek agindu behar luketen demokrazia batean lekurik ez duena.
Oñatiko Udalak, aldiz, bere lur eremuko ur jauzien bidez, energia burujabetzan emandako urratsak bai izan zirela esanguratsuak zentzu horretan. Izan ere, beraiek beraientzat modu deszentralizatu batean ustiatzen dituzte ur jauzien bidezko energia iturriak, landa eremurik desegin gabe, herritarrek beren etxeetan argindarra izan dezaten Iberduerori (edo Goienerri) fakturarik ordaindu gabe. Burujabetza energetikoan horiek dira urratsak; hau, aldiz, alderantzizko norantza da.
Mendi gainak txikitu, industrializatu, hegaztiak uxatu eta akabatu, ehiza galarazi, kristoren zarata eragin, paisaia hondatu, megalitoak txikitu eta bestelako kalte ugari egiteaz gain, guk eta guretzat erabili dezakegun energia iturri bat lapurtzera dator proiektu hau.
Ekimen hau bat dator Europan gertatzen ari denarekin: bertako politikoriak europarren dependentzia energetikoa areagotzen ari dira multinazional jakin batzuen mesedetan. Hor kokatzen da Sanchezek Aljeriarekiko erakutsi duen jarrera, Ameriketako Estatu Batuek North Stream gas hodien aurka egin duten leherketa, Errusiarekiko harremanen mozketa behartua (kontinente bereko energia iturri merkea galaraziz) eta abar luze bat.
Ez lehen ez orain, hirugarren hamarkadaz, zentral eolikorik ez!