'El vasco' filma ikusi ahal izango da igandean eta astelehenean Soreasun

Julene Frantzesena 2022ko urr. 13a, 08:29

'El vasco' filmeko irudi bat.

Igandean 19:30ean eta astelehenean 21:00etan emango dute filma. Jabi Elortegik zuzendutako filma da, komedia generokoa, eta aurtengo Zinemaldiko Zinemira sailean estreinatua.

Asteburuan bi zinema emanaldi izango dira Soreasu antzokian. Hain zuzen ere, igandean (19:30) eta astelehenean (21:00) El vasco filma ikusi ahal izango da, eta sarrerak salgai daude dagoeneko Kulturaz kooperatibaren webgunean. Gainera, Kultur Bonoa ere baliatu ahal izango dute herritarrek filma ikusteko.

Jabi Elortegik zuzendutako filma da El vasco, komedia generokoa, eta aurtengo Zinemaldiko Zinemira sailean estreinatua. Joseba Usabiaga, Itziar Aizpuru, Eduardo Blanco, Ines Efron, Laura Oliva, Analia Juan eta Hernan Sevilla dira aktoreak.

Honako hau da lan horren sinopsia: "Mikel Euskadin bizi da, langabezian dago, bere neskalagunak beste bategatik utzi du eta bere bizitza eta inguruko guztia zerrikeria bat direla sentitzen du. Beste era batera esatearren, gorroto du Euskadi. Harremana Facebook bidez bakarrik izan badu ere, bigarren osaba batek Argentinara joateko eta han muntatzen ari den enpresa batean lan egiteko eginiko proposamena (aitona baten Argentinara migratutako arrebaren semea) onartzen du. Hala ere, Argentinara iristen denean ustekabeko zerbaitekin egiten du topoko Mikelek: arbasoen lurra inoiz zapaldu ez duten argentinarrak bizi diren Euskadi txiki batera iritsi da, baina pasioz eta modu idealizatuan bizi dute dena. Jakina, Mikel kolonia osoarentzat super euskaldun moduko zerbait bilakatzen da Euskal Etxea zapaltzen hasten den unetik".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide