Maite Etxezarreta: "Sentipenak eta denborak hobetzen ari naizela ikusteak aurrera jarraitzeko motibazio handia ematen dit"

Julene Frantzesena 2022ko urr. 11a, 10:30

Maite Etxezarreta Europako Txapelketan. (Espainiako Federazioa)

Maite Etxezarretak (Azpeitia, 1991) taldekako zilarrezko domina eskuratu zuen zapatuan Avilan (Espainia) jokatutako Europako Txapelketan, Espainiako selekzioarekin. Lehen aldiz lehiatu da Europako proba batean, eta gustura da egindako lanarekin. Otsailean Sevillan egingo den maratoia du orain jo puntuan.

Zer moduzko esperientzia izan da Europako Txapelketa?

Oso polita izan da askotan telebistaz ikusi dudan lasterketa horretako giroaren parte izatea. Herrialde desberdinetako korrikalari askok parte hartu zuten proban, eta esperientzia aberasgarria izan da haiekin batera elikagaiak, prentsaurrekoa, lasterketa eta ondorengo festa bizitzea.

Nola sentitu zinen proban?

Tentsio handiarekin egin nuen korrika, eta lasterketaren une batean arnasketa arazoak izaten hasi nintzen. Ondorioz, ez nuen entrenamenduetan landutako guztia ateratzerik izan. Hala ere, banaka hamabigarren eta taldeka bigarren sailkatuta, gustura nago emaitzarekin.

Zer helbururekin joan zinen?

Helburu nagusiak esperientziaz gozatzea eta lasterketa txukuna egitea ziren. Hein handi batean, bi xedeak lortu ditudan sentipenarekin gelditu naiz.

Espainiako selekzioarekin lehenago aritutakoa al zara?

Ez. Euskal selekzioarekin parte hartu izan dut mendiko hainbat lasterketatan, baina, tamalez, atletismoko nazioarteko txapelketetan Espainiako selekzioarekin aritzea da aukera bakarra.

Zer hitzordu dituzu orain?

Udazkenean krosen bat eta hamar kilometroko probaren bat egingo ditut ziurrenik. Helburu nagusia, ordea, otsailean Sevillan egingo den maratoia da niretzat. Errepidean korrika hasi nintzenetik asko gustatu zaidan distantzia da maratoia, eta mimoz eta motibazio handiz prestatuko dut.

Orain arte egindako denboraldiaz zer balorazio egiten duzu?

Nahi baino gutxiago lehiatu badut ere, ongi atera zaizkit egin ditudan lasterketak. Gustura ari naiz entrenatzen, eta sentipenak eta denborak hobetzen ari naizela ikusteak aurrera jarraitzeko motibazio handia ematen dit.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide