Jakin-mina, eztabaida eta protesta eragin zituen Azpeitiko Udalak eta Statkraft enpresak Piaspeko proiektu eolikoaz egindako batzar irekiak. Azpeitiko Udaletik, Nagore Alkorta alkatea eta Josu Labaka Estrategia eta Hirigintza zinegotzia izan ziren herritarrei azalpenak emateaz arduratu zirenak. Starfrakt enpresatik, Piaspe proiektuko arduradun Jon Zayasek eta Juan Miguel Alvarezek hartu zuten hitza.
Hiru ziren atzoko batzarraren helburu nagusiak: Piaspe proiektuaren berri ematea, udalaren ikuspuntua azaltzea eta herritarren galderei erantzutea.
EH Bilduko bi udal ordezkariek hartu zuten hitza aurrena, eta adierazi zuten Azpeitiko Udala ez dagoela "itsu-itsuan" proiektuaren alde, baina krisi energetikoaren aurrean azkar ekitearen garrantzia azpimarratu zuten. Statkraften proiektuak "eredu propio bat" lantzeko aukera zabal dezakeela uste duten arren, proiektua nahiz proiektu eredua bera aztertzeko daudela jakinarazi zuten. Horrenbestez, gaur-gaurkoz Piaspe proiektua "zabalik" dagoela azpimarratu zuten. Halaber adierazi zuten EH Bilduk energia berriztagarrien aldeko apustua egiten duela, baina "ez edozein preziotan".
Statkraft enpresako hainbat ordezkarik ere hartu zuten hitza. Piaspe proiektuko arduradun Jon Zayasek ez ezik, enpresako hainbat arlotako adituek eman zituzten egitasmoaren inguruko zehaztapenak. Zayasek adierazi zuen, enpresarentzako hitzordu "zaila" eta "ezohikoa" zela atzokoa. Dena den, aipatu zuen, azpeitiarren zalantzak eta iritziak jasotzea oso garrantzitsua dela enpresarentzat.
Batzarra hasterako bero zegoen giroa, eta are gehiago berotu zen galderen eta erantzunen txandan. Hasiera batean, galderei ordu erdi inguruko tartea ematea aurreikusten zuten batzarraren deitzaileek, baina, azkenean, ia bi ordu luzatu zen. Batzarra 19:00etan hasi eta ia 22:00ak zirela amaitu zen.
Askotarikoak izan ziren herritarrek egindako galderak eta ekarpenak. Besteak beste, Sañoa inguruetako lursailetako baserritarren nekazal jardueraren etorkizunaz, parke eolikoak ingurumenean izango duen eraginaz, parkearen kostu ekonomikoaz, proiektuaren onuradunez eta energiaren balizko banaketaz nahiz epe motzerako hurrengo urratsez galdetu zuten herritarrak. Koalizioaren jarreraren eta posizionamenduaren aurka agertu ziren beste asko.
Galderak erantzun bitartean txalo zaparradak nahiz txistu hotsak entzun ziren aretoan. Atzoko batzarra oso-osorik ikusgai jarriko du Urolako Komunikazio Taldeak, Uztarria.eus-en nahiz Erlo Telebistan. Era berean, laster irakurri ahal izango da atzoko batzarreko kronika, hedabide honetan.