Hazinnova akreditazioa jaso dute Azpeitiko hiru enpresak

Ane Olaizola 2022ko urr. 13a, 12:05

Hazinnova programan parte hartu duten 33 enpresak jaso dute ziurtagiria, eta horietatik hiruk Azpeitian dute egoitza: Codis mobiliario, Diatec Tools Internacional eta Urolako Komunikazio Taldea (UKT).

Urola Erdiko, Urola Garaiko, Debagoienako, Debabarreneko eta Goierriko 33 enpresak berritzaileak direla egiaztatzen duen ziurtagiria jaso dute gaur, osteguna, Innobasque-Berrikuntzaren Euskal Agentziaren, SPRIren eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomi Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren eskutik. Ordizian (Gipuzkoa) egin dute ekitaldia, eta programan parte hartu duten eta egoitza Azpeitian duten hiru enpresak jaso dute akreditazioa: Codis mobiliario, Diatec Tools Internacional eta Urolako Komunikazio Taldea (UKT).

Sustatzaileen esanetan, ziurtagiria jaso duten enpresek berrikuntza ez teknologikoko mikro-proiektuak ezarri dituzte beren erakundeetan merkatuan duten posizioa hobetzeko. Era berean, jakinarazi dute enpresa horiek 51 proiektu gauzatu dituztela Hazinnova programaren azken deialdian. "Proiektu horien bidez berrikuntzak lortu dituzte produktuan eta negozio-prozesuetan, fabrikazio, logistika, merkaturatze, administrazio edo finantzak bezalako arloetan". Bestalde, Innobasquek eta agente kolaboratzaileen sareak lau aukeratu dituzte jardunbide egokien adibidetzat, eta horietako bat da Azpeitiko Diatec Tools Internacionalena.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide