'Parean eta pareko'

Zer diren gauzak

Maialen Etxaniz 2022ko urr. 14a, 11:00

Maialen Etxaniz kazetariak GUKA gehigarrirako herri kirolen inguruan idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Ezagutzen nautenek ondotxo dakite zein urrun gelditzen zaizkidan kirolak. Adarra jotzen didate sarri, kirola egiteko tarterik hartzen ez dudalako, nahiz eta beti nabilen bat edo beste praktikatuko nukeela esaten.”Tartea ateratzea beti da posible”, diote. Hori esan nion amari, denborarik ez zuela esaten zidanean. Baina zer diren gauzak.

Azken urteetan kirolera gehien hurbildu nauena, zoritxarrez, kazetari lana da. Urolako toki hedabideetan lan egiteak baditu gauza bitxiak. Lehorrekoa izanik aurten Zarauzko estropaden berri ematea tokatu zait, baita Getariak denboraldi ederra egin duela kontatzea ere. Getariako Ikurriña jokatzen zela ez nekien, baina aurten han izan naiz, emakume getariar jatorrekin arraunaz solasean. Arraunaz gain, tokatu izan zait Zumaiako triatloiaren berri ematea edo Azpeitiko 40 Miliak lasterketaren jarraipena egitea. Pilotan aritzen direnekin ere elkartu naiz aurten. Azpeitiak talde berria atera du Herriartekoan, eta pilotari gazteekin kontu-kontari ibili nintzen. Horien eta beste hainbat konturen berri eman behar izan dut, kirolerako tarterik hartzen ez dudan bitartean. 

Oraindik gogoan dut Larrañagak eta Txikonek jokatu zuten apustua. Bideo bat egin genuen apustuaren atariko gisa. Azpeitiko zezen plazan aurkeztu zuten desafioa, eta han ginen gu. Apustuaren egunean Donostian nintzen ni, Azpeitiak Herriartekoaren finala jokatzen baitzuen. Irabazi egin zuen, Larrañagak apustua irabazi zuen bezala. Orduz geroztik, baina, herri kirolen apustu eta txapelketa ugariren berri eman behar izan dut. Nire ezjakintasunetik ikusi dut azken urteetan ikaragarrizko aldaketa izan dela herri kirolen munduan, bai ikuskizun aldetik, bai zaletasun aldetik. 

Pentatloiaren kanporaketak eta finalak bertatik bertara jarraitzeko aukera izan dut kazetari gisa. Eta zer diren gauzak: pentatloiak lortu du 22:00etan lanera gogorik gabe joan, eta 01:00etan etxera itzultzea, etxekoei “Ederra erakustaldia! Mundial pasatu dut” esatea. Garaiak aldatu dira, eta garai berriko protagonistetako bi dira Lierni eta Mikel. Plazera izan da haiekin elkartu eta herri kirolen inguruan gehiago jakiteko aukera izatea. Ziur datozen urteetan plazetan ikusiko dugula elkar. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide