Juan Antxieta musika eskolak 'Musikaren begirada familian' ikastaroa eskainiko du 2 urteko haurrentzako

Anartz Izagirre 2022ko urr. 15a, 10:05

Juan Antxieta musika eskola kokatuta dagoen eraikina.

Gordonen MLT metodologian oinarritutako saioak izango dira, eta asteazkenetan eskainiko dituzte saioak, abenduaren 14a bitartean. 2 urteko haurrek heldu batekin joan beharko dute saiora. Datorren asteazkenean, urriak 19, egingo dute lehen saioa, eta irekia izango da.

Juan Antxieta musika eskolak 2 urteko haurrei —2020. urtean jaiotakoei— eta horien familiei zuzenduriko Musikaren begirada familian ikastaroa eskainiko du hemendik aurrera, asteazkenero. Gordonen MLT metodologian oinarritutako saioak izango dira, eta zuzeneko musika erabiliko dute saioetan. Hain zuzen ere, ordu-erdiko musika saioak izango dira, eta soinua sortzeko zein mugimendua bideratzeko material zabala erabiliko dute horietan.

Ikastaroaren helburua musikaren bitartez "estimulazioa lantzea" da. "Musikaren laguntzaz, haurrek beren izatearen, inguruaren eta gainontzekoen kontzientzia handiagoa eskuratzen dute, eta emozioak bideratzeko zein eraldatzeko bideak ikasten dituzte", azaldu dute antolatzaileek. "Musikak ez du adinik, musikak harremanak sendotzen ditu, musika bidelagun dugu garapenean", diote.

Saio irekia asteazkenean

Urriaren 19tik abenduaren 14ra bitartean izango da ikastaroa, eta asteazkenero izango dira saioak, 16:15ean hasita, Juan Antxieta musika eskolan (Perdillegi kalea, 1). Antolatzaileek jakinarazi dutenez urriaren 19ko saioa irekia izango da, eta edonork izango du parte hartzeko aukera. Ikastaroaren gaineko informazio gehiago behar duenak 656 00 80 40 telefono zenbakira deitu dezake edo mezu bat bidali antxieta@antxieta.eus helbide elektronikora.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide