Eskulanen hainbat ikastarotan izena emateko epea zabaldu du udalak

Anartz Izagirre 2022ko urr. 14a, 14:36

Lau ikastaroren berri eman dute: marrazketa artistikoaren eta margolanen ikastaroa, puntua, joskintza eta arteterapia tailerra. Damaso Azkue auzunean udalak duen lokalean eskainiko dituzte ikastaro horiek.

Azpeitiko Udalak 2022-2023 ikasturtean Damaso Azkue auzuneko lokalean eskainiko dituen hainbat eskulan tailerren berri eman du. Guztira, lau ikastaro eskainiko dituzte, eta horietan interesa dutenek zuzenean ikastaroen arduradunekin jarri beharko dute harremanetan.

Alde batetik, marrazketa artistiko eta margolan tailerra izango da. Marian Alberdi izango da saioen gidaria, eta horiek astelehenetan, ostegunetan zein ostiraletan eskainiko ditu, 10:00etatik 11:30era. Interesa dutenek 663 58 99 85 telefono zenbakira deitu beharko dute.

Artearekin jarraituz, bestetik, berrikuntza baten berri eman du erakundeak; izan ere, arteterapia tailerra izango da lehen aldiz, Margi Egiguren arteterapeutaren eskutik. Astearte arratsaldeetan eskainiko ditu saioak Egigurenek, eta nabarmendu dute bertan parte hartzeko ez dela beharrezkoa izango aldez aurretik ezer jakitea, ezta gaitasun artistikorik izatea ere, helburua ez baita estetikoa. Tailerraren xedea, hain justu, "egoera emozional bat aurkitzea" dela nabarmendu dute, "pribatutasuna eta segurtasuna oinarri izanik, adierazmenari bide emateko". Saioetan interesa dutenek 618 54 22 30 telefono zenbakira deitu beharko dute.

Horrez gain, puntu ikastaroa eskainiko du Mari Angeles Ibaetak, eta saioetan parte hartzen dutenek, besteak beste, gurutze puntua, puntua eta makinako bordatuak egiten ikasi ahal izango dute. Saioak astelehenetan eta ostegunetan izango dira, 15:00etatik 17:00etara eta 17:00etatik 19:00etara bitartean. Honakoa da harremanetarako telefonoa: 657 79 94 60.

Joskintzaren ingurukoa izango da eskainiko duten beste ikastaroetako bat. Lucia Sanchez izango da saioen gidaria, eta askotariko teknikak landuko dituzte partaideek haren gidaritzapean. Saioak ostiraletan izango dira, 10:00etatik 12:00etara. Era berean, taldea osatuz gero, bastidoreekin lan egiten ere ikasiko dute astearteetan. Interesa dutenek 608 57 46 58 telefono zenbakira deitu beharko dute.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide