Bueltan da Hator Hator Horror Fest beldurrezko zinema jaialdia, berrikuntzekin

Nerea Uranga 2022ko urr. 16a, 11:00

Abenduaren 16tik 18ra artean egingo dute Hator Hator Horro Fest jaialdia Azpeitian. (Argazkia: Kulturaz)

Abenduaren 16tik 18ra artean egingo dute beldurrezko zinemaren jaialdiaren bigarren edizioa. K-sarien lehiaketa irekia antolatu dute aurtengorako, eta horra lanak aurkezteko epea azaroaren 7ra artekoa da.

Abenduaren 16an, 17an eta 18an Hator Hator Horror Festen bigarren edizioa egingo da Azpeitian. Antolatzaileek egitarau zehatza ez dute aurkeztu, baina aurreratu dute jaialdia, besteak beste, fikziozko eta animaziozko film laburrek, euskal filmek, estreinaldiek, kontzertuak, tailerrek eta erakusketak osatuko dutela. Beldurrezko zinema jaialdia Azpeitiko Udalak, Ospel Filmsek eta Kulturaz Kooperatibak antolatu dute elkarlanean.

Berria, K-sarien lehiaketa irekia

Aurtengo jaialdirako, K-sarien lehiaketa irekia antolatu dute, berrikuntza gisa. Sariketa horretan animaziozko edo fikziozko euskal film labur onena sarituko dute, lehiaketa irekiaren bidez. Saria jasotzen duen film laburra 2023ko Donostiako Zinemaldian K-sarien sailean erakutsiko dute.

K-sarien lehiaketa irekian Euskal Herriko edozein ekoiztetxek parte har dezake. Horretarako, film laburra info@ospelfilms.com helbide elektronikora bidali behar da; lanak bidaltzeko epea azaroaren 7a bitartekoa da.

Kultur ekintzak

Askotariko kultur ekintzez betetako asteburua izango da Hator Hator Horror Festek hartuko duena. "Aurreneko edizioan arrakasta handia izan zuten haurrentzako makillaje eta marrazki tailerrak egingo dira aurten ere. Horrez gainera, Brew and Roll garagardo ekoizleek eskainitako garagardo dastaketa ere ez da faltako", esan dute antolatzaileek. "Sorpresak" ere izango direla aurreratu dute: "Kontzertua eta abar. Jaialdiaren egunak gerturatu ahala emango ditugu egitarauaren inguruko xehetasunak".

Hator Hator Horror Fest jaialdiaren bigarren edizioa iragartzeko kartelak Clive Barker-en (1987) Hellraiser filmari egiten dio erreferentzia.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide