Ikasturte berriko lehen kontzertua eskaini du Soreasun Azpeitiko Udal Musika Bandak

Anartz Izagirre 2022ko urr. 16a, 15:52

Britainia Handiko doinu herrikoiak zein hango musikagileen piezak tartekatu dituzte musikariek. Beñat Etxabek zuzendu du taldea, Unai Frantsesenaren ordez.

Azpeitiko Udal Musika Bandak 2022-2023 ikasturteko lehen kontzertua eskaini du gaur, igandea, Soreasu antzokian. Aire eta doinu britainiarrekin osatu dute gaurko egitaraua, eta Britainia Handiko doinu herrikoiak zein hango musikagileen piezak izan dira entzungai antzokian. Hain zuzen ere, The British Grenadier March, Edward Elgar-en Pomp and Circumstance Nº 1, Gustav Holst-en Second Suite in F For Military Band, Freddie Mercuryren Bohemian Rhapsody eta R. Vaughan Williamsen Folk Song Suite dira Udal Musika Bandak ekitaldian interpretatu dituen abestiak.

Berrikuntzekin eskaini dute, gainera, kontzertua. Izan ere, Beñat Etxabek ordezkatu du Unai Frantsesena zuzendaria gaurko saioan, eta ekitaldia hasi aurretik Udal Musika Bandan lehen aldiz jo duten kideen berri ere eman dute. Horiek txalo zaparrada jaso dute publikoan zeuden herritarren partetik.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide