Euskara Plana osatzeko beste bi bilera, gaur eta bihar

Julene Frantzesena 2022ko urr. 18a, 08:23

Euskara Plana osatzeko lehen bilerako irudia. (Azpeitiko Udala)

Gaur, asteartea, kultura eta sormena gai hartuta egingo dute parte hartze prozesuko bilkura. Bihar, berriz, bizilagun berriei zuzendutako saioa izango da. Bi hitzorduak 18:30erako jarri dituzte, Basazabal jauregian.

Azpeitiko Udala hasi da dagoeneko Euskararen plan estrategikoa osatzeko parte hartze prozesuko bilerak egiten. Urriko aurreneko astean egin zituen lehen bilerak, hezkuntza eta familia eta kultura, kirola nahiz jaiak gai hartuta. Aste honetan berrartuko ditu erakundeak bilerak; hain zuzen ere, gaur eta bihar bilera bana izango da.

Gaur, asteartea, kultura eta sormena gai hartuta egingo dute parte hartze prozesuko bilkura. Bihar, berriz, bizilagun berriei zuzendutako saioa izango da. Aurretik egindakoen moduan, aste honetako bi saioak ere Basazabal jauregian izango dira, 18:30etik 20:00etara bitartean.

Euskara Plana osatzeko, herritarrekin guztira sei saio egingo ditu udalak. Azken biak datorren astean gauzatuko ditu: lan mundua, zerbitzu publikoak eta turismoa izango dituzte hizpide datorren asteartean, eta euskalgintzari zuzendutako saioa izango da urriaren 26koa (asteazkena). Bilera horiek ere Basazabalen izango dira, 18:30ean hasita.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide