Hiru Hiriburuak txapelketa irabazi du Nagore Aramendik

Ihintza Elustondo 2022ko urr. 17a, 10:11

Leire Etxaniz eta Nagore Aramendi, txapelak jantzita. (Hiru Hiriburuak)

Pilota goxoarekin eta nagusien mailan lehiatu da Nagore Aramendi azpeitiarra, Leire Etxaniz etxebarriarra bikote duela. 18 eta 15 gailendu zaizkie Ania Oronozi eta Oneka Bereauri Donostiako Atano III.a pilotalekuan jokatutako finalean. 

Hiru Hiriburuak txapelketaren finalak jokatu zituzten atzo, igandea, Donostiako Atano III.a pilotalekuan. Guztira, hiru final jokatu zituzten, eta horietako batean lehiatu zen Nagore Aramendi azpeitiarra. Hain zuzen ere, eskuz binaka aritu zen, pilota goxoarekin eta nagusien mailan, Leire Etxaniz etxebarriarra bikote zuela. Eta haientzat izan zen txapela; izan ere, final gogorra jokatu bazuten ere, 18 eta 15 gailendu zitzaizkien Sarako (Lapurdi) Ania Oronozi eta Oneka Bereauri.

Pilota mistoko pilotariek ikusmina piztu zuten atzo, eta "emakumeen esku pilotaren festa erraldoia" izan zen Donostian, antolatzaileek azaldu dutenez. Gasteizko, Bilboko eta Donostiako udalek nahiz Eusko Jaurlaritzak elkarlanean sustatu dute txapelketa, izaera eta baldintza guztietako emakumeei erreferentziazko lehia batean parte hartzeko aukera emateko helburuarekin.

Gazteen pilota mistoko finalari dagokionez, Antzuolara (Gipuzkoa) joan zen txapela; Nagore eta Leire Galeanok 18-7 irabazi zieten Ainhoa Romero eta Enara Anitua bizkaitarrei. Bestalde, pilota goxoarekin ere aritu ziren gazteak, eta Alba Monje eta Jaione Elorza sestaoarrak izan ziren onenak kategoria horretan, Uxue Gomezi eta Iria Madariagari 18 eta 8 irabazita.

Aramendi familiarekin, garaipena ospatzen. (Hiru Hiriburuak)

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide