Liburutegien Nazioarteko Eguna ospatuko dute urriaren 24tik 26ra liburutegian

Anartz Izagirre 2022ko urr. 17a, 11:51

Enparan dorretxean dago kokatuta Azpeitiko Udal Liburutegia.

Datorren astelehenean, urriak 24, izango da Liburutegien Nazioarteko Eguna, eta hiru egunez jarraian ipuin kontaketak izango dira haurrentzat. Izen-ematea zabalik dago ostiralera bitartean.

XXXIII. Ipuin Kontaketen barruko hiru saio iragarri ditu Azpeitiko Udal Liburutegiak datorren asterako. Izan ere, datorren astelehenean, urriak 24, Liburutegien Nazioarteko Eguna izango da, eta hiru egunez jarraian ipuin kontaketak izango dira haurrentzat.

Lehena astelehenean bertan izango LH1 eta LH2 mailetako haurrentzat, eta Ixabel Agirresarobe ipuin kontalaria izango da egun horretan. Asteartean, urriak 25, izango da bigarren saioa, HH4ko haurrentzat, eta Anduriña Zurutuzaren ipuinak entzuteko aukera izango da. Azkenik, Lupe Lekuonak itxiko du ipuin kontaketen saioa asteazkenean. HH5eko haurrentzako saioa eskainiko du hark.

Saio guztiak 17:30ean hasiko dira, eta horietara joateko aurrez izena eman beharko da. Gaurtik ostiralera bitartean egongo da horretarako aukera, eta ohi bezala, hiru modu daude izena emateko: liburutegian bertan, 943-15 71 95 telefonora deituta edo 688 81 55 06 telefono zenbakira whatsapp mezu bat bidalita.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide