Sherpa.ai Aizkolari Txapelketa Nagusiaren finalaurreko kanporaketa jokatuko dute zapatuan Izarraitzen

Mailo Oiarzabal 2022ko urr. 18a, 09:19

Iaz Bilbon jokatutako finalaren podiuma. (Sherpa.ai)

Hamahiru aizkolari lehiatuko dira finaleko sei txartelen bila eta tartean izango da Mikel Larrañaga azpeitiarra, aurreko bi urteetako txapeldunordea. Iker Vicente txapelduna, aldiz, ez da ariko. 18:00etan hasiko da aizkora lehia. Sarrerak aurrez salgai jarri dituzte Mendizabalenean, eta egunean bertan pilotalekuko leihatilan ere erosgai izango dira. 17 urtez azpikoek ez dute sarrera ordaindu beharrik izango.

III. Sherpa.ai Aizkolari Txapelketa Nagusiaren finalaurreko kanporaketa Azpeitian jokatuko dute. Zapatuan izango da, urriaren 22an, Izarraitz pilotalekuan. 18:00etan hasiko da kanporaketa. Sarrerak 25 eurotan salduko dituzte, egunean bertan Izarraizko leihatilan ez ezik, baita aurrez Landetako Mendizabal erretegian ere. 17 urtetik beherakoek, ordea, finalaurreko kanporaketa doan ikusteko aukera izango dute, horiek ez dute-eta sarrerarik ordaindu beharko.

Hamahiru aizkolarik jokatuko dute Azpeitiko finalaurrekoa, eta horietatik sei onenek lortuko dute Bilboko Bilbao Arenan azaroaren 13an jokatuko den finalera sailkatzea. Mikel Larrañaga azpeitiarra, aizkolariek beraiek antolatutako txapelketaren lehen bi edizioetako txapeldunordea, da zapatuan Izarraitzen ariko denetako bat. Aldiz, Iker Vicente, orain arteko txapeldun bakarra, ez da ariko aurtengo txapelketan. Eneko Otaño, Julen Alberdi Txikia IV.a, Aitzol Atutxa, Jon Irazu, Ugaitz Mugertza, Julen Larrea, Iñaki Azurmendi, Jexux Mugika, Arkaitz Jauregi, Jon Rekondo, Ibai Soroa eta Txomin Amundarain dira urriaren 22ko kanporaketa jokatuko duten gainerako aizkolariak. Soroak eta Amundarainek joan den zapatuan lortu zuten, Getxon (Bizkaia), datorrenean Azpeitian lehiatzeko eskubidea, promozio mailako txapelketaren finalean hurrenez hurren lehen eta bigarren postuan sailkatu ondoren.

Zapatuan, bina kanaerdiko, 60 ontzako eta oinbiko moztu beharko dituzte aizkolariek.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide