Urriko azken asteburuan eta azaroko lehendabizikoan izango da Iraurgiren XII. Garagardo Azoka

Mailo Oiarzabal 2022ko urr. 18a, 13:59

2019ko Garagardo Azokaren irekiera egunean hartutako argazkia.

Bost egunetan egingo dute, Azoka Plazan: urriaren 28an, 29an eta 31n, eta azaroaren 4an eta 5ean. 2019an antolatu zuten aurrekoa saskibaloi klubekoek.

Pandemiako bi urteetan huts egin ondoren, aurten itzuliko da Iraurgi Saskibaloiak antolatzen duen Garagardo Azoka. Hamabigarren edizioa izango du 2022koa, eta urriaren azken asteburua eta azaroko lehendabizikoa hartuko ditu. Azte Alde Zaharreko tabernarien elkartearekin eta udalarekin elkarlanean antolatuko du Iraurgik hitzordua.

Bost egun izango ditu, guztira, XII. Garagardo Azokak: urriaren 28a, 29a eta 31, eta azaroaren 4a eta 5a; bi ostiral, bi zapatu, eta jai bezperako astelehen bat. Azoka Plaza izango da azokaren egoitza aurten ere, eta egun guztietan irekiera ordutegia bera izango da, 20:00etatik 02:00etara.

Era berean, Garagardo Azokak iraungo duen zenbait egunetan zuzeneko musika izango da. Hain zuzen ere, urriaren 29an, Kanuto DJa ariko da, 23:00etatik 02:00etara; urriaren 31n, Asier DJa, 23:00etatik 02:00etara, eta azaroaren 5ean, Davila DJa, 22:30etik 01:30era.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide