Delirium Tremens eta Willis Drummond, datozen kontzertuen artean

Ihintza Elustondo 2022ko urr. 20a, 08:30

Delirium Tremens taldeko musikariak.

Kulturaz kooperatibak dagoeneko jakinarazi ditu aurrerantzean Azpeitian zuzenean ariko diren zenbait musika talderen izenak. Besteak beste, Lin Ton Taun, Rodeo, Joseba Irazoki eta Lagunak, Maraca Diablo, Delirium Tremens, Unidad Alavesa, Willis Drummond, Ro eta Trini Fox ikusteko aukera izango da.

Musikazaleen gozamenerako, Kulturaz kooperatibak dagoeneko jakinarazi ditu aurrerantzean Azpeitian zuzenean ariko diren zenbait talderen izenak. Zestoako bi taldek eskainiko dute hurrengo kontzertua. Hain zuzen ere, Lin Ton Taun eta Rodeo taldeak igoko dira oholtzara azaroaren 12an, larunbata. 22:00etan izango da emanaldia, Sanagustin kulturgunean. Sarrerak dagoeneko salgai daude, hemen

Azaroaren 25ean, berriz, Joseba Irazoki eta Lagunak nahiz Maraca Diablo izango dira Azpeitian. Berakoa (Nafarroa) da Irazoki, eta talde formatuan ariko da Sanagustinen. Haren aurretik, eskarmentu handiko musikari mendarotarrez osatutako Maraca Diablok eskainiko du kontzertua. Lotura honetan eskura daitezke emanaldi horretarako sarrerak; 22:00etan hasiko dira kontzertuak.

Abenduaren 10ean, Delirium Tremens eta Unidad Alavesa taldeen kontzertuak izango dira. Delirium Tremensek 1989.urtean kaleratu zuen lehen diskoa –Ikusi eta ikasi– . Ordutik aurrera, beste zenbait lan plazaratu zituzten, baina 1991an azken diskoa kaleratu eta taldeari agur esatea erabaki zuten. Hiru hamarkada geroago, disko berriarekin itzuli eta zuzenekoak ematen hasi dira. Unidad Alavesa, bestalde, Ataunen (Gipukzoa) sortu zen 2016. urtean, eta folk-rock musika egiten dute. Haien artean, honako talde hauetan aritutako musikariak daude: Brigada Criminal, Bizardunak, Fiachras, Benito Lertxundi, Ancha es Castilla edota Los Zopilotes Txirriaos. Taldearen hastapenetatik musikari berberek osatzen dute banda: Cantaro Garrafak (gitarrak eta ahotsa), Bartolo Pichik (gitarrak), Papas Ajak (baxua), Abosin Origenek (bateria) eta San Petek (trikia eta banjoa). Made in Germany izena du taldearen estudioko azken diskoak. Sanagustinen izango dira bi talde horiek kontzertuak, 22:00etan hasita. Hemen eskura daitezke emanaldirako sarrerak.

Datorren urteko kontzertu baten berri ere eman du dagoeneko Kulturaz kooperatibak. Hain zuzen ere, Willis Drummond, Ro eta Trini Fox taldeak igoko dira oholtzara, urtarrilaren 21ean, 22:00etan. Iparraldetik etorriko da Willis Drummond, eta Azkoiti-Azpeititik Ro eta Trini Fox. Rock eztanda bortitza biziko da Sanagustinen hiru talde horien zuzenekoarekin. Lotura honetan eskura daitezke emanaldirako sarrerak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide