Gainean dugu Euskaraldiaren hirugarren edizioa. Lehenengoak sekulako eragina izan zuen. Hizkuntza-ohiturak aldatzeko ariketa sozialak berrikuntza handia suposatu zuen ordura arte "euskararen alde" antolatutako egitasmoen aldean, Euskal Herri osoko erakundeek eta eragile sozialek elkarlanean antolatu zutelako, berrehun mila partaide baino gehiago izan zituelako eta milaka pertsonak beren gorputzetan sentitu zituztelako euskarara jauzi egitearen edo lehen hitza euskaraz egitearen sentsazioak, euskaraz egiteko konplizitate eta sare berriak sortu zirelako eta euskara agenda komunikatiboaren erdigunean kokatu zuelako. Bigarrengoa pandemia betean egin behar izan genuen, eta burutu ahal izatea bera sekulako arrakasta izan zen. Gainera, era guztietako entitateetan milaka arigune sortu ziren.
Euskaraldia praktika da, erabilera da. Ez da euskararen aldeko kanpaina. Ez da jarrera baten adierazpena, jokaera praktiko baten inguruko konpromisoa baizik; norbanako mailan nahiz kolektiboan. Ez da euskarak dituen aje guztien sendagai mirakulutsua, baina erabileran aurrerapausoak emateko tresna eraginkorra da, ikerketek frogatu bezala.
Bere ahalmen nagusien artean dago eragin masiboarena. Euskaraldiaren bidez, milaka eta milaka euskaldun (hartzaile nahiz hiztun) euskara erabiltzeko prest agertu dira publikoki, aurretik erabiltzen ez zuten pertsonekin eta egoeretan. Euskaraldiari esker, horretarako bultzada eta motibazioa sentitu dituzte, eta urrats hori emateko baldintza egokiak sumatu dituzte inguruan. Horregatik da horren garrantzitsua parte hartzea masiboa izatea, ahalik eta txapa gehien ikustea leku guztietan, eta kaleak berriz hartzea banderolekin, muralekin, etab. Gutxien uste dugun pertsona, giro horretan, euskara erabiltzera animatu daitekeelako, baita Azpeitian ere!
Bestalde, era guztietako entitateetan ariguneak sortzea, hizkuntza biziberritze prozesurako oinarriak jartzea da. Batetik, entitate horietan euskararen erabilera erosorako aukerak non dauden identifikatzen dugulako, eta bestetik, aurrera begira, normalizazio-prozesua abiatzeko edo indartzeko urratsa egiten delako.
Garrantzi handiko beste aspektu bat da, Euskal Herri osoan, berau prestatzeko ehunka batzorde sortzea. Euskararen inguruko elkarterik edo bestelako antolakuntzarik ez duten herrietan, ahalik eta gehienak egonkortzea eta iraunaraztea dugu helburu, Euskaraldiaren ondoren ere, erabilera sustatzeko dinamikarekin jarrai dezaten.
Euskaraldia, azken batean, heldulekua da, palanka, abiapuntua. Inertziak puskatzeko heldulekua da, erabileran urrats bat aurrera eman nahi duten pertsona edo entitate guztientzat. Eta aitzakia egokia, euskarari buruz hausnartzeko eta erabakiak hartzeko. Palanka da, ariketa praktikoa delako eta konpromisoak eta erronkak eskatzen dituelako. Ez da manifestu bat sinatzea eta kito. Hausnarketa kolektibo izugarria ere bada Euskaraldia, non pertsonen eta erakundeen kontraesanak ere agerian geratzen diren: jarreraren eta praktikaren arteko kontraesanak, nahiaren eta portaeraren arteko distantziak. Eta abiapuntua izan nahi du, egun horietako lorpenak eta dinamikak iraunaraztea baita ariketa honen helbururik behinena.
Badakigu, izango ditugun lorpenetatik batzuk mantendu egingo direla eta beste batzuk inertziak jango dituela, baina aurreko Euskaraldiek erakutsi diguten bezala, bukatu eta hilabeteetara, egoera ariketa egin aurretik baino hobea da. Ariketa bakoitzean, partaideek helburu berriak lortzen dituzte eta partaide berri asko integratzen dira lehen aldiz. Horregatik, jarraitu beharko dugu Euskaraldiarekin "kolpeak" bi urtez behin ematen, eta tartean, euskararen erabilera sustatuko duten bestelako egitasmoak bultzatzen, Azpeitian eta Euskal Herri osoan. Honengatik guztiarengatik, eman izena Euskaraldian.
Hitzez ekiteko garaia da!