Azpeitiko lau bikotek parte hartuko dute Euskal Herriko 46. Dantza Txapelketan

Ihintza Elustondo 2022ko urr. 21a, 08:24

Asteazkenean aurkeztu zuten Euskal Herriko 46. Dantza Txapelketa. (EITB)

Euskal Herriko Dantza Txapelketa jokatuko dute bihar Seguran, eta han lehiatuko dira herriko dantzari hauek: Elaia Elortza eta German Aranburu, Alaia Amubieta eta Amets Amubieta, Irati Uzkudun eta Ekain Uzkudun, eta Nora Aizpuru eta Iker Zabala.

Euskal Herriko Dantza Txapelketaren 46. aldia egingo dute bihar, larunbata, Seguran (Gipuzkoa). Guztira, Bizkaiko eta Gipuzkoako bederatzi bikote ariko dira lehian, 18:00etan hasita, Baratze pilotalekuan. Tartean izango dira Azpeitiko hainbat bikote: Elaia Elortza eta German Aranburu, Alaia Amubieta eta Amets Amubieta, Irati Uzkudun eta Ekain Uzkudun, eta Nora Aizpuru eta Iker Zabala. Horiez gain, honako beste bikote hauek lehiatuko dira: Maren Galvez eta Gorka Granado (Sopela, Bizkaia), Katerin Artola eta Iker Belintxon (Lezo, Gipuzkoa), Leire Urrestilla eta Iker Urrestilla (Zestoa), Ane Jaunarena eta Endika Osa (Lezo), eta Saioa Galarraga eta Julen Murgiondo (Bergara, Gipuzkoa).

Partaideek zortzi pausoko fandangoa dantzatuko dute lehenik, Isilkara txistulari taldearen musikaz lagunduta. Ondoren, arin-arina dantzatuko dute Estanga anai-arreben trikiti doinuekin. Jaialdia zuzenean ikusi nahi dutenek eitb.eus helbidean izango dute horretarako aukera, streaming bidez. Era berean, 21:30ean ETB1eko Oholtzan saioan emango dute txapelketa. Izaro Iraetak, Imanol Artolak eta Ainhoa Urretabizkaiak gidatuko dute emanaldia, eta Xabier Artola arituko da dantza aditu lanetan.

Asteazkenean egin zuten txapelketaren aurkezpena EITBren Miramongo egoitzan, eta ekitaldi horretan parte hartu zuten, besteak beste, Luis Alberdi Azpeitiko Luis Beltza eskolako irakasleak, Izarra Urdalleta Segurako alkateak, Antton Mendizabal Gipuzkoako Euskal Dantzarien Biltzarreko dantza sueltoko koordinatzaileak eta Luisma Laboa EITBren ordezkariak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide