Azaroaren 6an egingo dute Udazkeneko Argazki Rallya

Maialen Etxaniz 2022ko urr. 21a, 11:39

Udazken giroko argazkia. (Azpeitiko Argazki Elkartea)

Igandez egingo dute Udazkeneko Argazki Rallyaren XXXII. edizioa, eta bertan parte hartu nahi dutenek egunean bertan egin beharko dute izen-ematea, hamar euro ordainduta. Partaide bakoitzak, gehienez, 36 argazki aurkeztu ahal izango ditu. Ibilbidea eta gaia egunean bertan jakinaraziko dituzte. 

Azpeitiko Argazki Elkarteak antolatuta, azaroaren 6an, igandez, egingo dute Udazkeneko Argazki Rallyaren XXXII. edizioa. Iaz bezala, aurten ere herrigunean egingo dute rallya.

Egitasmoan parte hartzeko izena egunean bertan eman beharko da, 09:00etatik 09:30era bitartean, Argazki Elkartearen egoitzan, Soreasu auzoko Dinamoa sormen gunean. Izen-ematea 10 euro ordaindu beharko du pertsona bakoitzak. Argazkiak ateratzeko gaia eta ibilbidea orduan jakinaraziko dute. Rallya 13:30ean bukatuko da egoitza horretan bertan, parte hartzaile guztien txarteletako edukia ordenagailuetara pasatutakoan.

Parte-hartzaile bakoitzak, gehienez, 36 argazki aurkeztu ahal izango ditu, denak JPG formatuan. Argazki horiek azaroaren 10era arte bidali ahal izango dira, argazkiakaae@gmail.com helbidera, parte-hartzailearen izen-abizenak, artxiboaren izena eta gaiaren zenbakia zehaztuz.

Argazki elkarteko kideek rallyan parte hartzera animatu dituzte herritarrak: "Goiz atsegin bat pasatu nahi baduzu argazkiak ateratzen eta Azpeitiko bazterrak pixka bat ezagutzen, ez izan zalantzarik. Hurbildu eta parte hartu gure XXXII. Udazkeneko Argazki Rallyan".

Sariak eta sari banaketa

Sari banaketa azaroaren 16an izango da, 18:30ean, Dinamoa sormen gunean. Ohi bezala, hainbat sari banatuko dituzte XXXII. Udazkeneko Argazki Rallyko parte hartzaileen artean. Lehen sailkatuak 150 euro eta garaikurra eskuratuko ditu; bigarrenak 125 euro eta garaikurra; hirugarrenak 100 euro eta garaikurra; herriko lehen sailkatuak –Azpeitian bizi dena edo AAEko kide dena–  90 euro eta garaikurra eta argazki onenaren jabeak 60 euro eta garaikurra.

 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide