Xabier Urtasunen eta Rita Moraisen emanaldiarekin amaitu dira Organo Erromantikoaren Zikloko Loiolako saioak

Maialen Etxaniz 2022ko urr. 22a, 09:53

Organo Erromantikoaren Nazioarteko XXIII. Zikloaren barruan, Xabier Urtasun organistak eta Rita Morais sopranoak Loiolako hirugarren eta azken emanaldia eskaini zuten atzo arratsaldean. 

Amaitzear da Organo Erromantikoaren Nazioarteko XXIII. Zikloa. Atzo arratsaldean eskaini zuten zikloaren barruko Loiolako baselizako hirugarren eta azken emanaldia. Atzokoan Xabier Urtasun organistaren eta Rita Morais sopranoaren doinuak izan ziren protagonistak Loiolan, eta hainbat lagun bertaratu zen entzunaldiaz gozatzera. Bertan izan zen Itziar Urbieta organista azpeitiarra ere. Atzoko emanaldiarekin amaitu dira Loiolako hitzorduak. Azken bi ostiraletan emanaldi bana izan da Loiolan. Lehen emanaldia David Cassanek eskaini zuen, eta bigarrena, berriz, Loreto F. Imaz eta Itziar Urbieta organistek.

Azpeitiko saioak amaitu badira ere, Organo Erromantikoaren Nazioarteko XXIII. Zikloa ez da bukatu. Gaur, urriak 22, Ignacio Arakistain organo-jotzaileak kontzertua eskainiko du Bergarako Santa Marina parrokian, Peio Irigoien txistulariarekin batera. Hilaren 29an, berriz, Azpeitiko eta Bergarako musika eskoletako organo ikasleen agerraldiarekin amaituko da aurtengo zikloa.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide